OMEk elikagaietako toxina naturalen fitxa bat argitaratu du, eta bertan zehatz-mehatz azaldu du haietako bakoitza, haien kausak, elikagaietara transmititzeko moduak, elikagai kaltetu nagusiak eta toxina naturalak dituzten elikagaiak jaten dituzten pertsonentzako toxikotasuna.

Zer dira toxina naturalak?

Toxina naturalak organismo biziek naturalki ekoizten dituzten konposatu toxikoak dira. Horrenbestez, berez ez dira kaltegarriak ekoizten dituzten organismoentzat, baina toxikoak izan daitezke elikagaien bidez jaten dituzten animalia eta pertsonentzat.

Nola ekoizten dira?

Toxina batzuk landareek ekoizten dituzte, harraparien, intsektuen edo mikroorganismoen aurkako defentsa naturalerako mekanismo gisa, edota mikroorganismoek (hala nola onddoek) eragindako infestazioaren ondorioz, estres klimatikoari erantzuteko (lehorteei, hezetasunari eta muturreko tenperaturari, adibidez).

Toxina naturalen beste iturri bat ozeano eta aintziretan dauden alga mikroskopikoak eta planktona dira: konposatu kimikoak sortzen dituzte, baina ez dira toxikoak alga edo plankton horretaz elikatzen diren arrain edo itsaskientzat. Pertsonentzat, ordea, toxina horiek dituzten arrainak edo itsaskiak kontsumituz gero, oso toxikoak izan daitezke.

Zein dira toxina natural nagusiak eta zein elikagaitan daude?

  1. Uretako biotoxinak: arraina eta itsaskiak.
  2. Glukosido zianogenikoak: juka, basartoa, fruta hezurdunak, banbu-sustraiak eta arbendolak.
  3. Furokumarinak: azenarioa, perrexila, apioa eta zuhaitz zitrikoak.
  4. Lezitinak: baba eta indaba lehorrak.
  5. Mikotoxinak: zerealak, lekaleak, espeziak, fruitu lehorrak, frutak eta barazkiak (OMEren mikotoxinen fitxa).
  6. Solanina eta txakonina: landare solanazeo guztiei eragiten diete, hala nola tomateei, patatei, alberjiniei, kuiatxoari eta kuiari.
  7. Muszimola eta muskarina: onddoak eta perretxikoak.
  8. Pirrolizidina alkaloideak: Boraginaceae, Asteraceae eta Fabaceae landare-familiei eragiten diete. Batik bat tean, eztian, belar aromatikoetan, espeziatan, zerealetan eta zereal-produktuetan aurkitu dira.

Nola eragiten diote gizakien eta animalien osasunari?

Toxina naturalek hainbat egitura kimiko dituzte, eta, beraz, bakoitzak funtzio biologiko eta toxikotasun-maila jakin bat dauka.

Giza osasunerako ondorio kaltegarrien artean, intoxikazio akutuak eragin ditzakete, hala nola erreakzio alergikoak eta urdail-hesteetako afekzioak (beherakoa, okadak, abdomeneko minak), eta, zenbait kasutan, baita heriotza ere (perretxiko pozoitsuek eta glukosido zianogenikoek, esaterako).

Gizakien eta animalien osasunean, bestalde, luzera ondorio larriak ere izan ditzakete immunitate-sisteman, ugaltze-sisteman eta nerbio-sisteman, eta toxinetako batzuek, hala nola mikotoxinek eta pirrolizidina alkaloideek, minbizia sorraraz dezakete.