Europako Batzordeak 2015/1375 Araudia argitaratu du, haragiko trikina kontrolatzeari buruzkoa, 2075/2005 Araudia indargabetzen eta honako hau ezartzen duena:

Txerri-haragia post mortem ikuskatzea hiltegian

  • Hazteko txerri-eme eta ordotsen kanal guztiak aztertuko dira, edo, gutxienez, urte bakoitzean ustiategi bakoitzetik hiltzera igortzen diren animalien kanalen % 10, haien estabulazio-baldintza kontrolatuak ofizialki aitortu direnean.
  • Sistematikoki aztertuko dira estabulazio-baldintza kontrolatuak betetzearen aitorpen ofiziala lortu ez duten ustiategietako kanal guztiak.
  • Kanal bakoitzaren lagin bat hartuko da.

Salbuespenak

  • Ez da trikinen presentziarik ikertu beharko 5 astetik beherako etxeko bularreko txerrien kanaletan eta haragian.
  • Ez da trikinen presentziarik ikertu beharko Araudiaren II. eranskinean deskribatutako metodoen arabera izoztu den txerri-haragian. Haragia baldintza jakin batzuetan izozteak parasito guztiak hil ditzake, nahiz eta Trichinellaren espezie batzuek (ehizakiei eta zaldiei eragiten dietenak) erresistentzia izan izoztea tenperatura- eta denbora-konbinazio gomendatuei jarraikiz egiten denean.
  • Trikinak aztertzetik salbuets daitezke ofizialki aitortutako ustiategi bateko txerrien kanalak (Araudiaren IV. eranskinarekin bat etorriz), betiere Estatu kidean trikinen infestazio autoktonorik atzeman ez bada edo eginiko azterketa jarraituen historialak gutxienez % 95 bermatzen badu trikinen prebalentzia ez dela batetik gorakoa milioi batean.

Trikina atzemateko metodoa

  • Laginak agintaritza eskudunak hautatutako laborategian aztertuko dira.
  • Erreferentziazko atzemate-metodoa lagin kolektiboak irabiagailu magnetiko batekin digeritzea da (Araudiaren I. eranskinaren I. atalean deskribatzen denarekin bat etorriz).
  • Halaber, pareko beste atzemate-metodo batzuk ere onartzen dira (Araudiaren I. eranskinaren II. kapituluan ageri direnetako batzuk).

Zaldi- eta basurde-haragia ikuskatzea

  • Zaldien, basurdeen eta hazkuntzarako beste animalia-espezie batzuen zein animalia basatien kanalak trikinekin infesta badaitezke, laginketa sistematikoak egingo dira hiltegietan edo ehiza-haragia manipulatzen den establezimenduetan, post mortem azterlanen esparruan.
  • Kanal bakoitzaren lagina hartuko da, eta agintaritza eskudunak izendatutako laborategian aztertu, bat etorriz Araudiaren I. eta III. eranskinetan ezarritakoarekin.

Trikinari buruzko informazio interesgarria:

1. 2015/1375 Araudia

2. Zientzia-iritzia: txerri-haragia ikuskatzean aintzat hartu beharreko osasun publikorako arriskuak – EFSA, 2011.

3. Etxeko txerrien artean trikina atzemateko metodo berria, EBko erreferentziazko laborategiak balioztatutakoa – EB, 2010

4. Fitxa teknikoa: trichinelosia – ELIKA, 2012