Elikakatearen Kontrol Ofizialerako Plan Nazionalaren (PNCOCA) gauzatze-mailari buruzko txostena argitaratu da, 2019. urteari dagokiona. Emaitzak bereizita azaltzen dira honako ministerio hauen eskumenen arabera: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa (lehen mailako ekoizpena eta elikagaien kalitatea), Kontsumo Ministerioa (establezimenduak eta erkidegoaren barruko merkatuan ekoitzi edo merkaturatutako elikagaiak) eta Osasun ministerioa (hirugarren herrialdeetako giza kontsumorako salgaiak). Kontrolak askotarikoak dira, eta guztiek ezaugarri, arrisku-irizpide eta adierazle ezberdinak dituzte. Horrenbestez, ezin da kontrol guztien ondorio global bat atera.

Nolanahi ere, kontrol-programei buruzko txosten bakoitzean honako hauek zehazten dira: zein den kontrol ofizialeko xede diren sektore bakoitzaren egoera, urteko txostenak (antzemanadko0 ez-betetzeak zehaztuta), egindako auditoretzak, ondorioak eta joeren azterketa. Horren xedea da kontrol ofizialeko programen eraginkortasuna eta bilakaera ebaluatu ahal izatea

Sendotasunak

Oro har, kontrol-programa gehienak ondo ezarri dira eta finkatuta daude. Arriskuen analisian oinarritutako kontrolak lehenesteak aukera eman du horien kalitatea areagotzeko, eta ikuskapenek aukera eman dute araua zein mailatan bete den jakiteko eta establezimenduen osasun-arriskua balioesteko. Halaber, adierazi behar da ikuskapen bakoitza, berez, ikuskatzaileek operadoreei ematen dieten prestakuntza dela.

Horren guztiaren ondorioz, gora egin du sektorearen sentsibilizazio-mailak, elikagai-ekoizle gisa dituzten betebeharrei dagokienez. Neurri berean, jabetu egin dira higiene ezak giza osasunean eragin ditzakeen arriskuez.

Ahultasunak

Hala ere, bada hobetzeko aukera oraindik; hortaz, jarraian, kontrol-programen txostenetan identifikatutako proposamenak zehazten dira:

  • Kontrol ofizialetan eskumena duten beste sail eta administrazio batzuekin koordinazioa sendotzea, eta koordinazio-bilkura gehiago egitea, kontrolak gauzatzeko zailtasunen berri emateko elkarri.
  • Ikuskapen-irizpideak bateratzea eta ikuskatzaileen prestakuntza hobetzea. Horretarako, ikuskapenak egiteko jarraibideak eta laguntza-gida xehatuagoak egin behar dira.
  • Ikuskapenak planifikatu eta gauzatzeko kudeaketa-sistema informatikoak hobetzea, kontrolaren eta emaitzen jarraipenaren eraginkortasuna hobetze aldera.
  • Kontrolen eraginkortasuna bermatzeko neurri eraginkor eta bateratuak ezartzea, besteak beste: gainbegiratzea, egiaztatzea eta kontrol-programen auditoretza-sistemak.
  • Ez-betetzeak direla eta, hartutako neurrien (besteak beste: ekintza zuzentzaileak edo zehapen-sistemen aplikazio eraginkorra) ezarpena hobetzea.
  • Giza baliabideak areagotzea, kontrol-jarduerak modu eraginkorragoan gauzatzeko.
  • Ekoizpen-sektorean eragin handiagoa izango duten informazio- eta hedapen-jarduerak abiaraztea, hainbat programatan antzemandako ez-betetzeen kopurua murrizteko.

Hurrengo urratsak

Datozen hilabeteotan idatziko da kontrol-plan berria, 2021-2025 eperako. Espero da urte horietan eraldaketa sakona egitea; izan ere, plana egokitu egin beharko da kontrol ofizialei buruzko araudi berriaren arabera. Txosten honetan adierazi diren aldaketa-proposamen guztiak abiapuntu egokia izango dira.