Elikagaien Segurtasunerako eta Ingurumenerako Agentzia Nazionalak (ANSES) zientzia-irizpen bat eman du ur-iragazkia duten pitxerren segurtasunaren eta eraginkortasunaren ebaluazioari buruz. Gaur-gaurkoz eskura dauden datuen arabera, ANSESek ondorioztatu du pitxerrok ez dutela arriskuan jartzen kontsumitzaileen osasuna.

Alabaina, adierazi du pitxerrok erabiliz gero zenbait kutsatzaile aska daitezkeela ur iragazian (zilar ioiak, sodioa, potasioa, amonioa), pHa murriztu daitekeela eta uraren kalitate mikrobiologikoa honda daitekeela.

ANSESek zenbait gomendio eman ditu, bai pitxerrok fabrikatzen dituzten enpresentzat bai erabiltzaileentzat, ur-iragazkia duten pitxer eta botilak modu seguruan eta eraginkortasunez erabil daitezen.

Fabrikatzaileentzako gomendioak

  • Aldez aurretik probak egin laborategian, gomendioak bideragarriak diren egiaztatzeko.
  • Edateko urari buruzko arauetan zehazturiko kalitate-mugak eta erreferentzia-balioak bete. Zilarrari dagokionez, nahiz eta ur iragazian azterturiko kontzentrazioek ez duten gainditzen OMEk ezarritako gehieneko muga (100 μg/l), Agentziak gomendatzen du duela gutxiko datu toxikoetan oinarrituta aztertzea balio hori. Gainera, nabarmentzen du kontuan hartu behar dela zilarra helburu horretarako erabiltzearen arriskuaren eta onuraren arteko aldea.
  • Jakiak ukituko dituzten materialei (FCM) buruzko arauak bete ur-iragazkia duten pitxer, botila eta kartutxoetan erabiltzen diren materialetan, eta nahitaez bermatu FCMek ur iragazian ez dutela elementurik iragaziko giza osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen, ur iragaziaren konposizioan aldaketa negatiboa eragin dezaketen edota uraren propietate organoleptikoak honda ditzaketen kopuruetan.

Kontsumitzaileentzako gomendioak

  • Pitxerrak erabiltzeko jarraibideak eta erabilera-neurriak bete: pitxerra garbitu; kartutxoa aldian-aldian aldatu; ur iragaziaren eta metalezko edo zeramikazko tresna jakin batzuen arteko kontaktua zaindu, bereziki ura berotu ondoren; haurren elikadura kontrolatu; eta medikuari kontsultatu sodio edo potasio urriko dietak dituzten pertsonen kasuan.
  • Ur iragaziaren pitxerra hozkailuan eduki eta, ahal dela, iragazi eta 24 orduren barruan kontsumitu ura.
  • Fabrikatzaileek emandako propietateei erreparatu (uraren propietate organoleptikoak hobetzen dituzten, bereziki kloroaren zaporea, eta karea eta metal jakin batzuk –beruna, adibidez– ezabatzen dituzten).
  • Txorrotatik datorren edateko urarekin soilik erabili, iragazkia duten pitxerrak ez baitaude diseinatuta edateko txarra den ura edateko on bihurtzeko.
  • Arreta berezia jarri on-line eskura daitezkeen produktuei, baliteke-eta Europako araudiak ez betetzea.