FSAk argitaratu egin du Elikakatearen Kontrol Ofizialaren Urte Anitzeko Plana (MANCP) Erresuma Batuan eta Ipar Irlandan aplikatzeari buruzko urteko txostena. Txostenak 2013an bildutako datuak ditu oinarri, eta, haren arabera, Planaren betetze-maila oso ona da, oro har, sektore guztietan.

Txostena Elikagaien Segurtasunerako Britainiar Agentziak (FSA) eta Ingurumena, Elikadura eta Landa-gaiak Sailak (DEFRA) egin du, Ipar Irlandako Osasun Sailaren, Nekazaritza eta Landa-garapena Sailaren, eta Eskoziako eta Galesko eskualde-agentzien ekarpenekin.

Txosten horretan zehazten dira honako hauei buruzko legeria aplikatzen diharduten eta betetzen dela zaintzen esku hartzen duten agintari eta erakundeen zereginak, erantzukizunak eta estrategiak: pentsuak eta elikagaiak, animalien osasuna eta ongizatea eta betekizun fitosanitarioak.

Kontrol Ofizialen emaitzei dagokienez, 2013 eta 2014 urteetan 524.491 esku-hartze gauzatu dira, eta ez-betetze gehienak honako arlo hauetan atzeman dira: agirietako irregulartasunak; langileen prestakuntza eza; higieneari, elikagaien segurtasunari eta etiketatzeari dagozkion arau-hausteak eta ikuskaritzen maiztasunak ez betetzea.

Kontrol horien ondorioz, 14 establezimenduren lizentzia bertan behera utzi da, ez-betetzeei buruzko 278 ohartarazpen jakinarazi dira eta 969 establezimendu borondatez itxi dira. Erresuma Batuan 19.285 librako zehapenak ezarri dira, eta Ipar Irlandan 12.740koak. Horiek guztiak elikagaien higieneari eta elikagaien segurtasunari dagozkien arrazoiengatik.

Txosten hori Kontrol Ofizialei buruzko 882/2004 Araudiaren betekizun bati jarraikiz argitaratu da, eta Batzordeari informazioa ematen dio PNCPAren helburuak lortzeko aurrerapenei buruz. Gainera, Elikagaien eta Albaitaritzaren Bulegoak erabiliko du, Erresuma Batuko ikuskaritzak planifikatzeko.

2013ko txostena