Urteko txostena: Erresuma Batuko Kontrol Ofizialeko Plana 15/10/21
FSAk argitaratu egin du Elikakateko Kontrol Ofizialeko Urte Anitzeko Plana (MANCP) Erresuma Batuan eta Ipar Irlandan aplikatzean lortutako aurrerapenei buruzko txostena. Txostenak 2014an bildutako datuak ditu oinarri, eta Plana, oro har, sektore guztietan oso ondo bete dela azaltzen du.
Txosten horretan zehazten dira pentsu eta elikagaiei, animalien osasunari eta ongizateari, eta betekizun fitosanitarioei buruzko legeria betearazteaz eta zaintzeaz arduratzen diren agintaritza eta erakundeen zereginak, erantzukizunak eta estrategiak; bai eta egindako barne-ikuskapenen ondorioak ere.
Hutsegite nagusiak
Elikagai eta pentsuen sektorean atzemandako hutsegite nagusiak elikagaien higienearekin eta segurtasunarekin, etiketatzearekin, kalitate-kontrolekin eta inportatutako elikagaiekin daude lotuta.
Animalien osasunaren eta ongizatearen, eta landareen osasunaren sektorean, operatzaileen artean atzemandako hutsegite nagusiak honako hauek izan dira: gorabeherak agirietan eta erregistroetan, arriskuen kontrolean, langileen prestakuntzan eta animalien elikaduran. Kontrol-agintari eskudunei dagokienez, aldiz, hutsegiteak ikuskapenen maiztasunarekin daude lotuta.
Hutsegite horien eragile nagusiak izan dira: arduragabekeria penalak, legea ez ezagutzea, giza akatsak edo, elikagaiak inportatu direnean, hirugarren herrialdeetan arauak hain hertsiak ez izatea.
Ikuskapenen Sistema Nazionala
FSAk barneko 108 ikuskatze egin ditu guztira, hala elikagai eta pentsuen sektorean, nola animalien eta landareen osasunarenean. Ikuskatze horien ondorioz, 524 aholku eman dira, eta gehienek eragin dute ekintza zuzentzaileak abiaraztea. Oro har, ikuskapenen emaitzak oso pozgarriak izan dira.
Txosten hori elkarrekin egin dute Elikagaien Segurtasunerako Britainia Handiko Agentziak (FSA) eta Ingurumena, Elikadura eta Landa-giroko Gaiak Sailak (DEFRA). Halaber, ekarpenak egin dituzte Ipar Irlandako Nekazaritza eta Landa-garapena Sailak, eta Eskoziako eta Galeseko eskualdeko zenbait agentziak. Txosten hori argitaratu da, hala ezartzen duelako Kontrol Ofizialei buruzko 882/2004 Araudiaren betekizun batek. Txostenak informazioa ematen dio Batzordeari Planaren helburuak lortzeko aurrerapenez, eta Elikadura eta Albaitaritza Bulegoak baliatuko du, Erresuma Batuan egiten dituen ikuskapenetan.