EFSAren Arrisku Biologikoen Panelak zientzia-irizpen bat argitaratu du Vibrio spp bakterioaren osasun publikoko alderdiei buruz, EBko itsaskien kontsumoarekin lotuta, eta ondorioztatu du arriskua areagotzen ari dela klima-aldaketaren eta mikrobioen aurkako erresistentzien eraginez. Irizpenean, arriskuari buruz dagoen informazioa berrikusi, prebentzio- eta kontrol-gomendioak bildu eta etorkizunerako ikerketa‑premiak identifikatu dira.

Espezie garrantzitsuenak eta prebalentzia

Honako hauek dira EBko osasun publikorako garrantzi handiena duten itsaskien kontsumoarekin lotutako Vibrio espezieak: V. parahaemolyticus, V. vulnificus eta V. cholerae no O1/no O139.

 

Beste espezie batzuek (adibidez, V. alginolyticus, V. fluvialis eta V. mimicus) itsaskien kontsumoarekin lotutako infekzioren bat eragin dezakete noiz edo noiz, batez ere osasun‑arazoak dituzten pertsonengan, baina espezie horiek osasun publikorako duten garrantzia txikiagoa da.

 

Txostenean, itsaskien kategoria guztietako Vibrio espezie ezberdinentzako prebalentzia multzokatua balioztatu da, EBn merkaturatutako itsaskiei buruz eskuragarri zeuden datuetan oinarrituta. Prebalentzia handiena V. parahaemolyticus espeziean aurkitu zen (% 19,6), zeinetan bost lagin positibotatik batean, gutxi gorabehera, andui patogenoak zeuden; eta, neurri txikiagoan, V. vulnificus (% 6,1) eta V. cholerae no O1/no O139 (% 4,1) espezieetan.

 

Tenperatura eta gazitasuna dira ur-ingurunean Vibrio ugari egoteko sustatzaile nagusiak. Hortaz, kostaldeko berotzearen eta muturreko fenomeno meteorologikoen ondorioz, aurreikusten da itsaskietan Vibrio spp. bakterioaren espezie garrantzitsuenen presentzia eta horien mailak areagotu egingo direla, bereziki ur gazikaretan edo gazitasun txikia dutenetan.

Mikrobioen aurkako erresistentzia

Irizpenak mikrobioen aurkako erresistentzien espektro zabal bat deskribatzen du itsaskietatik isolatutako Vibrioetan edo Europan elikagaien bidez transmititutako infekzioetan (horietako batzuk intrintsekoak). V. parahaemolyticus espeziarentzat gehien detektatutako erresistentziak anpizilinarekikoa eta estreptomizinarekikoa dira, eta V. cholerae no O1/no O139 espeziearentzat, aurretik aipatutako bi horiez gain, baita kolistinarekikoa ere.

 

Halaber, Vibrio spp.-ri dagokionez, elementu genetiko mugikorrekin lotutako mikrobioen aurkako erresistentzia-geneak detektatu dira. Gene horiek erresistentzia ematen dute zenbait motatako β-lactamasekiko, kinolonekiko, sulfonamidekiko, aminoglukosidoekiko, tetraziklinekiko, folatoaren ibilbidearen inhibitzaileekiko eta fenikolekiko.

 

Ondorioztatu da gero eta erresistentzia gehiago aurkitzen direla garrantzi medikoko antimikrobianoen aurka, hala nola Vibrio espezie garrantzitsuetan elementu mugikorrei lotuta dauden hirugarren eta laugarren mailako zefalosporinen eta karbapenemikoen aurka.

Prebentzio- eta kontrol-neurriak

Argitalpenean elikakatean ezartzen diren Vibrio espezieekiko prebentzio- eta kontrol-neurriak berrikusi dira, eta ondorioztatu da bakterio horien hazkuntza prebenitzeko neurririk garrantzitsuena hotz-katea mantentzea dela.

 

Horrez gain, honako metodo hauen bidez ere Vibrio spp.-ren mailak murritz daitezke itsaskietan: tratamendu termiko leuna (adibidez, ostrak 50 °C-an dagoen uretan jartzea), azkar izoztea eta epe luzean izoztuta uztea, goi-presioan prozesatzea edo irradiazioa.

 

Azkenik, gordin kontsumituko diren produktuei dagokienez, kontrolpeko baldintzatan araztea aukera egokia izan liteke bakterio horien mailak murrizteko.

Ikerketa-premiak

Azkenik, itsaski eta ur-inguruneetako Vibrio spp.-ri lotutako ezagutza-gabeziak identifikatu dira, eta etorkizuneko ikerketa-premiak lehenetsi dira.

 

Etorkizuneko ikerketetarako lehentasun gakoetako bat izango litzateke EBren mailako erreferentziazko ikerketa bat egitea itsaskietan garrantzitsuak diren Vibrio spp. bakterioei buruz, ekoizpen primarioko eta txikizkako salmentako etapak barne hartuta; bai eta Vibrioren espezieei eta mikrobioen aurkako erresistentziei buruzko datu esanguratsuak eta harmonizatuak ere.

 

Bestelako ikerketa-premiak izango lirateke metodo analitikoak (mikrobioen aurkako erresistentziak detektatu, zenbatu eta horiei buruzko probak egiteko) hobetzea eta alderatzea, klima-gertakari espezifikoetan Vibrioren kopuruei buruzko datuak biltzea, dosi‑erantzun ereduak berrebaluatzea, EBko Vibrio espezieen agerpenari eta ingurumen‑faktoreei buruzko ereduak garatu eta balioztatzea, eta arriskuen ebaluazio kualitatibo bat egitea hutsune garrantzitsuenak identifikatu eta ikerketa bideratzeko.

 

Azkenik, gomendatzen da giza bibriosirako kasu-definizio bat egitea EB mailan, eta nahitaez aitortu beharreko gaixotasuntzat jotzea. Halaber, gomendatzen da EBren zaintzarako programa nazionaletan bildutako itsaskietako Vibrio spp.-ren presentziari buruzko datuak sistematikoki jakinaraztea, baita zoonosi-kasuak ere, Zoonosiari buruzko 2003/99/EE Zuzentarauaren esparruan.

 

Eta, azkenik, interesgarria izango litzateke agerraldien azterlanetan zaintza genomikoa aplikatzea, jatorri klinikoko, elikagai-jatorriko eta ingurumen-jatorriko V. parahaemolyticus espeziearen isolatuak sistematikoki karakterizatzearen bidez, Osasun Bakarraren (One Health) arabera.