2025eko abendutik 2026ko urtarrilera bitartean, bularreko haurrentzako zenbait prestakin merkatutik atera eta itzuli egin dira mundu osoan, ardura-neurri gisa, produktu horretan zereulida toxinaren presentzia detektatu delako.


Toxina horren presentziaren ondoriozko arriskua kudeatzeko erabakiak hartzeko, Europako Batzordeak aholkularitza zientifikoa eskatu zion EFSAri, produktuak merkatutik ateratzeko kutsadura-atalasea finkatzeko.

Hauek dira EFSAren hasierako arrisku-ebaluazioaren emaitzak:


0,014 μg/kg
gorputz-pisuaren kg eta egun bakoitzeko (zereulidaren ARfDa bularreko haurrentzat)

ARfDa kalkulatzeko, erreferentziazko dosien ereduak erabili dira, eta segurtasun-faktore gehigarri bat ere aplikatu da; izan ere, adin oso txikiko bularreko haurrek (16 astetik beherakoak) ez dituzte substantziak helduek bezala metabolizatzen.


Jarraian adierazitako balioak bularreko haurrek kontsumitu ohi duten produktuaren gehieneko kantitatean oinarritzen dira. Bularreko haurrentzat, balio hau zehaztu da epe laburreko (24 ordu) esposiziorako: 260 ml gorputz-pisuaren kg bakoitzeko. Jarraipen-prestakinen kasuan —horiek, oro har, ez dituzte kontsumitzen 16 astetik beherako bularreko haurrek—, EFSAk beste balio hau ezarri du: 140 ml gorputz-pisuaren kg bakoitzeko.


EFSAk ondorioztatu du bularreko haurrentzako prestakin berrosatuetan (likidoak), ondoko balioak gainditzen dituzten zereulida kontzentrazioek

  • 0,054 μg/l bularreko haurrentzako prestakinetan, eta
  • 0,1 μg/l jarraipen-prestakinetan

maila seguruak gaindituko lituzketela.

Zer da zereulida?
Zereulida toxina bat da eta Bacillus cereus bakterioak sortzen du. Bat-bateko goragaleak, gorakoa eta sabeleko mina eragin ditzake ingeritu eta 30 minututik 6 ordura bitartean; eta, ondoren, koadro gastrointestinal bat eragin, beherakoarekin, eta horrek konplikazioak ekar ditzake. Haurtxoetan, gorputzeko gatzen oreka alteratu eta deshidratazioa eragin dezake. Osasunean izan ditzakeen ondorio kaltegarriak arinetatik moderatuetara artekoak dira, haurtxoaren adinaren arabera; jaioberriek eta sei hilabetetik beherako bularreko haurrek konplikazio larriagoak izan ditzakete.

Horrelako alertak eta bestelakoak jaso nahi  badituzu, jarrai iezaguzu X edo Facebook sare sozialetan. Horrez gain, informazio gehiago eskura dezakezu hemen: https://kontsumitzailea.elika.eus/