ANSES Frantziako Elikagai Segurtasunaren Agentziak eta ISS Osasunaren Goi Institutuak, eskuratutako datuen analisian oinarrituta, azterlan bat osatu dute, lehenik eta behin, elikagaietan dauden zianotoxinei buruzko bibliografia berrikusteko eta, bigarrenik, zianotoxinekiko esposizioa zenbaterainokoa den aztertzeko eta, ildo horretatik, europarrek elikagaietako toxina horiek kontsumitzeagatik izan lezaketen arriskua karakterizatzeko.

Analisi bibliografiko zabala egiteko, hauek hartu dituzte kontuan batik bat:

  • Zianotoxinek jatorriko elikagaietan duten presentzia
  • Zianotoxinak detektatzeko metodo analitikoak
  • Zianobakterioen ezaugarri toxikologikoak eta zianobakterioen toxikotasunean eragina duten ingurumen-faktoreak
  • Zianotoxina-nahasteen ondorioak
  • Elikagaietan (edo edateko urean) dauden zianotoxinak direla-eta mundu osoan ezarritako alerta-balioak edo -mailak.

Artikuluen analisia eginda, ondorioztatu zen artikulu gehienek mikrozistinaren aldaera bakar bat hartzen dutela kontuan, ezagutzen diren ia 100 mikrozistinetatik. Esposizioa ebaluatzeko orduan, azterlan asko ez ziren aintzat hartu, datu mugatuak eta detekzio-metodo zalantzagarriak baliatu zituztelako.

Zianotoxinen toxikotasunari dagokionez, osasunerako erreferentzia-balioen kalkuluei buruzko azterlan oso gutxi aurkitu ziren. Azterlanetako askok, gainera, injekzio-metodoa erabili zuten (benetako giza esposizioa zein den nekez adierazten duen metodoa, alegia), eta analisirako erabili ezin izan ziren efektu kualitatiboak deskribatzen zituzten.

Berrikuspen bibliografikotik datu gutxi eskuratu arren, esposizioaren gertaleku bat baino gehiago egon litezkeela ondorioztatu zen, baina ezin izan zen ondorio garbirik atera zianobakterioen esposiziopeko herritarrek osasunean izan litzaketen arriskuei buruz.

Dena dela, toxinarekiko esposizioaren probabilitatea nabariagoa da mikrozistinekin kutsatutako arraina, itsaskiak eta alga berde-urdinen gehigarriak (BGA) kontsumitu ohi dituzten pertsonen artean.

Bestalde, elikagaiei (adibidez, laboreei, ehizakiei, haragiari, arrautzei eta esnekiei) eta MCa ez beste zianotoxinei dagokienez, datu-basea ez dago behar beste osatua gertalekuren bat irudikatzeko. Horrenbestez, azterlanak gomendatzen du, batetik, zianotoxinek hainbat elikagai-jatorritan duten presentziari buruzko datu gehiago aztertzea eta, bestetik, zianotoxinen ezaugarri toxikologikoen inguruko ikerketa xehatuagoak egitea.

EFSAren txostena: elikagaietako zianotoxinak