Estatu kideen lankidetza ezinbestekoa da; izan ere, lankidetza horri esker, Elikagaien Segurtasuneko Europako Agentziak (EFSA) ziurta dezake kontsumitzaileen babesa eta osasun arloko politika oinarrituta egongo direla zientzia-ebidentzia sendoan eta fidagarrian.

Hori dela eta, EFSAren Zientzia Lankidetzarako Unitateak txosten tekniko bat osatu du. Txosten horretan bildu ditu EFSAren eta estatu kideen arteko lankidetza jarduera nagusiak. Horiek guztiak EFSAren Estrategian identifikatutako lehentasunezko lau arloetan sartzen dira. Agentziak, araudi arautzailearen 36. artikulua betez, estatu kideetako erakundeak finantzatzen ditu, jarduera horietako batzuk aurrera eraman ditzaten. Bestalde, Kontsultarako Foroa, Foku Guneak eta Sareak sortu dira xede horretarako. Horiek funtsezko baliabideak dira informazioa eta datuak trukatzeko EFSAren eta estatu kideen artean.

Dokumentuaren helburua da lankidetza arloak ezagutaraztea, estatu kideetako elikagaien segurtasunerako erakundeek aintzat har ditzaten euren zientzia-jarduerak lehenestean.

  1. Elikakateko kutsatzaileen arloan, estatu kideak lankidetzan aritzen dira EFSArekin eta datuak eskaintzen dituzte elikagaietako eta pentsuetako kutsatzaileei buruz.
  2. Arrisku biologikoen arloan, estatu kideek parte hartzen dute Entzefalopatia Espongiformearen (BSE-TSE) eta Arrisku Mikrobiologikoen Balioespenerako (MRA) sareetan.
  3. Landare-osasunerako produktuen arloan, estatu kideek EFSArekin batera hartzen dute parte landare-osasunerako produktuetan erabiltzen diren substantzia aktiboak berrikustean.
  4. Azkenik, Genetikoki Eraldatutako Organismoen (OGMak) arloan, estatu kideetako erakundeek hazkuntzako OGMen Ingurumen Arriskuen Balioespena (ERA) egiten dute.

Txosten teknikoa: zientzia lankidetza EFSAren eta estatu kideen artean