FSAren zientzia-aholkularitzarako unitateak elikagaien arriskuei buruzko bigarren txostena argitaratu du. Lehengoan elikagaiek transmititzen dituzten birusak landu ziren eta bigarren honetan bi arrisku kimiko jorratzen dira: akrilamida eta potasioa.

Potasioa

Alde batetik, txostenak sodioaren ordez potasio gehiago hartzeak izan ditzakeen arriskuen ebaluazioa egiten du, sodio gutxiago hartzeak dakartzan onurekin alderatuta. Potasioa sodioaren alternatiba gisa erabil daiteke, gatzaren (sodio kloruroa) kontsumoa murrizteko.

Txostenak ondorioztatzen du potasioa ezinbesteko minerala dela dietan, baina potasio gehiegi kontsumitzeak arriskua eragin lezake giltzurruneko gutxiegitasun larria duten pertsonen artean; izan ere, ez lirateke gehiegizko potasioa iraizteko gai izango. Nolanahi ere, gainerako herritarrentzat ez luke arriskurik eragingo.

Akrilamida

Beste alde batetik, txostenak aztertzen du nola sortzen den akrilamida elikagaietan eta ebaluatzen du kontsumitzaileek arrisku horren aurrean duten esposizioa. Halaber, neurriak gomendatzen ditu, kontsumitzaileen osasuna akrilamidaren aurrean babesteko, eta jakinarazten du nola erreakzionatzen duen industriak arrisku horren aurrean.

Gainera, akrilamidari dagokionez, ikerketa-proiektu baten emaitzak argitaratu dituzte. Proiektu hori etxean kuzinatzeko ohiturek elikagaietako akrilamida-mailan duten eraginari buruzkoa da.

Txostenak dio kontsumitzaileek maiz ez dituztela aintzat hartzen fabrikatzailearen jarraibideak, eta, ondorioz, akrilamida-maila handiagoak sor daitezke elikagaietan.

Emaitzek adierazten dute etxeetako labeak ez direla erabat fidagarriak tenperaturari dagokionez. Halaber, atzeman da kontsumitzaileek gutxi dakitela akrilamidaren arriskuari buruz. Emaitzak lagungarri izango dira FSArentzat, kontsumitzaileei etxean elikagaietako arriskuak murrizteko kontseiluak emateko, eta Erresumari Batuari lagundu egingo diote EBren mailan kokatzen iturri guztietako akrilamidaren aurrean kontsumitzaileek duten esposizioa murrizteko modurik egokienari buruzko eztabaidan.

Elikagai-arriskuei buruzko zientzia-txostena: akrilamida eta potasioa

Azterlana: akrilamida etxean

Eranskinak: akrilamida etxean