Ziguatoxinak

ciguatoxina

Laburpena

Ziguatoxinak (CTX) Gambierdiscus toxicus mikroalga dinoflagelatuek sortutako toxinak dira, eta alga horiek jaten dituzten ur tropikaletako arrain eta itsaskietan pilatzen dira. Ziguatoxinak dituzten arrain edo itsaskiak jaten dituzten pertsonek ziguatera (CFP) izeneko elikadura-intoxikazioa izan dezakete, gaur egun itsasoko biotoxinengatiko mundu-mailako intoxikazio ohikoena dena.

Alga horiek ur beroetan bizi diren arren, ozeano eta itsasoen berotze globalaren eraginez, gero eta ohikoagoak dira eremu epeletan. Klima-aldaketaz gainera, merkataritzaren globalizazioak ere areagotzen du ziguatoxinen presentzia Europan; eta, horrenbestez, ziguatera giza osasunari begirako gorabidean dagoen arrisku bat da Europar Batasuneko herrialdeetan.

Ziguaterak askotariko sintomak ditu, efektu gastrointestinal, kardiobaskular eta neurologikoekin, eta urtean 10.000-50.000 pertsonari eragiten dio mundu osoan. Hala ere, uste da kasuen % 2 eta 10 artean jakinarazten dela bakarrik; hortaz, benetako eragina askoz handiagoa da.

Azken urteetan, gora egin dute ziguatera agerraldiak; horren aurrean, Europako Batzordeak estatu kideei gomendatu die ziguatera gorabidean dagoen arrisku gisa sartzea beren Arriskuen Kudeaketa programetan. Ondorioz, eragindako eremu endemikoetan, espezie asko harrapatzea debekatu da, horrek elikagaien segurtasunerako eta arrantza-sektorerako dakartzan ondorioekin.

Ziguatoxinak termoegonkorrak dira; beraz, ez dira kozinatzean desagertzen, eta elikagaiak izoztea edo kutsatutako arrainak eta itsaskiak garbitzea ere ez dira bide eraginkorrak. Gainera, koloregabeak, usaingabeak eta zaporegabeak dira, eta horrek asko zailtzen du elikagaietan hautematea.

1. Zer da?

Ziguatoxinak (CTX) Gambierdiscus toxicus mikroalga dinoflagelatuek sortzen dituzten toxinak dira. Mikroalga horiek oro har hildako koral-arrezifeetako ur tropikaletan bizi dira. Munduko eskualde tropikal eta subtropikaletako arrainek toxina horiek pilatzen dituzte, koral-arrezifeko arrain txikiagoez eta itsaskiez elikatzen direnean, horiek donoflagelatuak jaten baitituzte. Ziguatoxinen 20 mota baino gehiago isolatu dira, eta biotoxina horien arrain bektoreen 400 espezie baino gehiago aurkitu dira.

CTXak giza elikakatean sartzen dira barnealdean toxina horiek dituzten arrainak eta itsaskiak kontsumitzean, arrainetan, gutxi gorabehera 0,1 µg / kg edo gehiagoko kontzentrazioetan daudenean, eta “ziguatera” (CFP) izeneko elikadura intoxikazioa sorrarazten dute.

Itsas toxina gehienak bezala, CTXak termoegonkorrak dira, eta kozinatu ostean toxikoak izaten jarraitzen dute. Garbitzea ere ez da eraginkorra, kutsatutako arrainen ehunak urteetan zehar jarrai dezake toxikoa izaten.

Ziguatera endemikoa da munduko eskualde tropikal eta subtropikaletan. Europa bezalako eremu epeletan, agerraldi isolatuak egon dira aldian-aldian, baina horien maiztasuna gero eta handiagoa da. Klima-aldaketak, ekaitz eta urakanen maiztasunak, eta itsasoaren gainazaleko tenperaturaren areagotzeak eragin zuzena dute ziguatoxinen banaketan eta ugaltzean; eta, horrela, CFParen agerpena hautemateko zailagoa da.

1.Irudia: Ziguatera elikadura intoxikazioaren mundu-mailako banaketa. Iturria: AESAN- EuroCigua Proiektua

Distribución Gambierdiscus

         • Intoxikazio-kasuak

         •  Gambierdiscus ssp mikroalgen presentzia

2. Transmisioa

Ziguatoxinak bide bakarretik transmititu ahal zaizkie gizakiei: barnealdean toxinak pilatzen dituzten arrain eta itsaskien kontsumoaren bidez.

 

 

Elikagaia – Pertsona

toxinez kutsatutako arraina kontsumitzeagatik.

3. Giza osasunean duen eragina

Ziguatera

Ziguatoxinez kutsatutako arraina kontsumitzeagatik sortutako elikadura intoxikazioa da ziguatera (CFP). Gaixotasuna ez da oso ohikoa, eta arrisku txikia du (heriotza-tasa: %1). Askotariko sintoma gastrointestinalak, kardiobaskularrak eta neurologikoak eragiten ditu, kutsatutako arraina kontsumitu eta 10 minututik 24 orduetara agertu ohi direnak.

  • Sintoma gastrointestinalak: Abdomeneko mina, goragalea, gorakoa, deshidratazioa eta beherako bizia.
  • Sintoma kardiobaskularrak: Pultsu irregularra, hipotentsio arteriala eta bradikardia.
  • Sintoma neurologikoak: Alodinia (estimulu biziki hotz batek eragindako erremina, normalean ez kaltegarria), azkura, disestesia, gorputz-adarretan sentikortasuna galtzea (inurridura).
  • Beste sintoma batzuk: Ahultasun-sentsazio orokortu eta jarraitua, mina muskulu eta artikulazioetan, buruko mina, zorabioak, dardarak eta gehiegizko izerdia.

Ez dago toxina horiei aurre egiteko antidoto/antitoxinarik, baina tratamenduak daude sintomak arintzeko. Intoxikazioa jasan duten pertsona batzuek osasun-arazoak izaten dituzte urteetan zehar.

Ziguaterak 10.000-50.000 pertsonari eragiten die urtean mundu osoan. CDCak (Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Zentroa) irizten du kasu errealen % 2-10 bakarrik jakinarazten dela. Oro har, diagnostikoa eta jakinarazpena ez dira nahikoa, eta horrek zailtzen du mundu-mailan itsas toxinei lotutako gaixotasunen mundu-mailako benetako eragina ezagutzea. Nolanahi ere, gaur egun, ziguatera itsas biotoxinengatiko elikadura intoxikazio mota ohikoentzat jotzen da, mundu osoan.

2008tik, ziguateragatiko elikadura intoxikazioen kasu batzuk erregistratu dira estatu kide batzuetan; oro har, herrialde endemikoetatik etorritako bidaiariengan. Tokiko kasuak ere erregistratu dira, eta gaixotasunaren hainbat agerraldi Madeiran eta Kanariar Uharteetan; guztira, ehun kasu baino gehiago izan dira azken 6 urteetan. Europako beste herrialde batzuetako datu epidemiologikoak biltzen ari dira.

Madeiraren kasuan, ziguatera agerraldi bat jakinarazi zen 2008an, tokiko uretan harrapatutako anbar arraina (Seriola) kontsumitzearen ondorioz. Gainera, azterlan batzuen bidez, ziguatoxina (Gambierdiscus spp) sortzen duten mikroalgen presentzia hauteman da Kanariar Uharteak eta Madeira inguratzen dituzten uretan eta Balear Uharteetatik gertuko beste ur mediterraneo batzuetan. Hala ere, oraindik huts asko daude horien prebalentziari eta sortzen duten toxina motari buruzko ezagutzan.

ZIGUATERAREN INZIDENTZIA

EUROPAKO DATUAK (AESAN-EuroCigua)

Ziguateraren 19 agerraldiren 150 kasu Espainia, Portugal, Frantzia eta Alemanian 2012 eta 2017 bitartean.

2.Irudia: 2012-2017 aldian, Europan jakinarazitako ziguatera agerraldiei buruzko datu epidemiologikoak.

Epidemiologia ciguatera

* Iturria: AESAN- EuroCigua Proiektua

4. Elikagaien bidezko esposizioa

Ziguatoxinengatiko kutsaduraren arrisku handiena duten elikagaiak tamaina handiko arrain-espezieak dira; hauek, adibidez: seriola, txelba arrunta, barbarina, morena, meroa, abadira, ezpata-arraina eta txitxarroa.

FAOk ezartzen du Ozeano Bareko eta Indiako Ozeanoko eskualde tropikal eta subtropikaletan eta Karibeko eskualde tropikaletan, ziguateraren bektore izan daitezkeen  400 arrain espezie baino gehiago daudela.

Esteka honetan, ziguaterari lotutako arrainen zerrenda bat ikus daiteke: http://www.aecosan.msssi.gob.es/AECOSAN/docs/documentos/ciguatera/Anexo_List_of_fish_ES.pdf (Iturria: AESAN. EuroCigua proiektua).

5. Prebentzioa eta arriskuaren kontrola

Ziguateragatiko intoxikazioa ez da urtarokoa; izan ere, ziguatoxinak sortzen dituzten mikroalgak urte osoan zehar daude ur epel eta beroetan.

5.1. Elikakatea

CFParen orain dela gutxiko agerraldien emaitza gisa, eragindako eremuetan espezie asko harrapatzea debekatu da denbora luzez, eta horrek ondorio garrantzitsuak izan ditzake kostaldeko eskualde horientzat elikagaien segurtasunari eta komertzioari begira.

Arrantza sektoreari, halaber, gomendatzen zaio mikroalgez kutsatuta egon litezkeen eremuetan arrantza ez egitea.

INAKTIBAZIO TRATAMENDUAK

Ziguatoxinak termoegonkorrak dira; hortaz, ez dira kozinatzean edo izoztean desagertzen. Gainera, ez dituzte arrainaren edo itsaskiaren ezaugarri organoleptikoak aldarazten, koloregabeak, usaingabeak eta zaporegabeak baitira.

Bestalde, klima-aldaketaz gain, merkataritzaren globalizazioak ere laguntzen du ziguatoxinak gero eta zabalagoa den eremu geografiko batean egoteko. Horrenbestez, beharrezkoa da eremu endemikotik kanpoko (hots, Europar Batasuna) beste herrialde batzuek ziguatoxinak sar ditzaken arriskuak kudeatzeko beren programetan.

5.2. Kontsumitzaileak

Ziguateraren herrialde endemikoetara bidaiatzen duten pertsonei eta arrisku-eremuetan bizi diren horiei (Kanariar Uharteak, Madeira…) ohar batzuk egiten zaizkie:

  • Ziguateragatiko intoxikazio arriskua tamaina handiagoko arrainetan areagotu daiteke.
  • Arrainen erraiak (hots, gibela), arrautzak, azalak eta buruak jatea saihestu behar da, bertan pilatutako ziguatoxinen kopurua handiagoa baita.

6. Legezko mugak

Oro har, elikagaien enpresek araudi honetan ezarritako irizpide mikrobiologikoak bete behar dituzte: BATZORDEAREN 2073/2005 Erregelamendua (EE), 2005eko azaroaren 15ekoa, elikagaiei aplikagarri zaizkien irizpide mikrobiologikoei buruzkoa. Nolanahi ere, Erregelamendu horrek ez du muga mikrobiologikorik ezartzen ziguatoxinez kutsa litezkeen elikagaietan segurtasuna bermatzeko; aldiz, ezartzen du agintaritza eskudunak laginketak eta analisiak egin ahal izango dituela beste mikroorganismo batzuk, beren toxinak edo matabolitoak hauteman eta neurtzeko helburuarekin, bai prozesuak egiaztatzeko ondoreekin, seguruak ez direla uste den elikagaien kasuan, eta bai arrisku analisi baten testuinguruan.

2017an, elikadura kutsatzaileen FAO/OME Codex Batzordeak elikagaietan ziguatoxinen gehieneko mailak ezarri zituen, elikagaien segurtasuna bermatzeko eta itsas toxina horiengatiko elikagaien kutsadura osasun publikoa bermatu eta merkataritza errazteko maila seguruetara murrizteko kudeaketa-neurriak garatu ahal izateko.

Ondorioz, EuroCigua “Ziguateragatiko Intoxikazioaren Arriskuen Karakterizazioa” proiektuko Europako adituak, beste aditu batzuekin batera, CODEXeko adituak barne, arriskuaren ebaluazio zehatz bat egiten ari dira; 2019ko bukaeran argitaratzea espero da.

7. Erreferentziak

AESAN 2019: EuroCigua: Risk characterization of ciguatera food poisoning in Europe

http://www.aecosan.msssi.gob.es/AECOSAN/web/ciguatera/home/aecosan_home_ciguatera.htm

CCCF 2017: relevant work to be considered for ciguatoxins

http://www.fao.org/fao-who-codexalimentarius/sh-proxy/en/?lnk=1&url=https://workspace.fao.org/sites/codex/Meetings/CX-735-11/SIDE-EVENTS/Ciguatera.pdf

FAO 2014: Assessment and management of seafood safety and quality: Current practices and emerging issues

http://www.fao.org/3/a-i3215e.pdf

EFSA -2010: Scientific Opinion on marine biotoxins in shellfish – Emerging toxins: Ciguatoxin group

https://efsa.onlinelibrary.wiley.com/doi/epdf/10.2903/j.efsa.2010.1627