Europar Batasuneko aholkularitza zientifikorako agentziek jakinarazi beharreko ziurgabetasunak identifikatzen dituzte ebidentzia zientifikoak biltzeko prozesuan. Horren helburua da arduradun politikoek hobeto ulertzea aurkeztutako ebidentziaren irmotasuna eta ondoriozko politika erabat informatutako oinarriaren gainean egitea.

 

Testuinguru horretan, EBko Aholkularitza Zientifikorako Agentzien Sareak (ANSA) txosten bat egin du, eta bertan jasotzen dira Sareko 12 agentziek hartutako ikuspuntuak beren emaitzetan ziurgabetasun zientifikoa lantzeko. Helburua da oinarri bat ematea, gai eta kontu komunak identifikatzeko eta hainbat agentziaren aholkularitza zientifikoko emaitzetan ziurgabetasun zientifikoa zehazteari, identifikatzeari eta jakinarazteari buruzko gogoeta sustatzeko.

 

Identifikatutako ziurgabetasun nagusien artean daude honako hauetatik eratorritakoak: araudia, lanaren plangintza eta azterketaren diseinua, erabilitako datuen ordezkagarritasuna eta fidagarritasuna, horien interpretazioa eta estrapolazioa, eta helarazi beharreko mezu funtsezkoenen argitasuna.

 

Agentzia batzuek aholkularitza zientifikoko prozesuan ziurgabetasunak kudeatzeari buruzko orientazio‑dokumentu espezifikoak dituzte. Oro har, dokumentu horiek arreta jartzen dute ziurgabetasunen iturrien identifikazio proaktiboan, tamaina aztertzeko ikuspuntu desberdinetan eta ziurgabetasunek aholkularitzaren ondorioetan izan dezaketen inpaktuan. Azpimarratzekoa da EFSAk berriki agiri bat argitaratu duela, ziurgabetasun zientifikoen identifikazio, kuantifikazio eta jakinarazpenean laguntzeko.

 

Txostenak ondorioztatzen du agentzia gehienek aholkularitza zientifikoko prozesuan ziurgabetasunak identifikatzen eta aztertzen dituztela politikak egiteko, eta nahiz eta ezin den ikuspegi estandarizatu bat aplikatu, oso interesgarria da esperientziak, jardunbide egokiak eta orientazio‑agiriak trukatzea prozesu hori lantzeko.