2017an, campilobakteriosia izan zen Europar Batasunean jakinarazpen gehien eragin zituen zoonosia (jakinarazpen guztien % 70), EFSAk eta ECDCk duela gutxi argitaratutako txostenaren arabera.

2008tik hona, gora egin du gizakien campilobakteriosia-kasu frogatuen kopuruak; hala ere, badirudi 2013-2017 urteetan kasu kopurua egonkortu egin dela.

Iturria: © 2018 European Food Safety Authority and European Centre for Disease Prevention and Control. EFSA Journal published by John Wiley and Sons Ltd on behalf of European Food Safety Authority.

Salmonella

Badirudi 2008an hasi zen gizakien salmonelosi kasuen beherazko joera bukatu egin dela 2013-2017 aldian; izan ere, gora egin du gizakien Salmonella enteriditis kasuen proportzioak, estatu kideetako bat serotipo horri buruzko informazioa ematen hasi zelako.

Hamasei estatu kidek bete egin dituzte eskortako hegaztietan Salmonella murrizteko helburuak; 12 estatu kidek, berriz, gutxienez helburu batean huts egin zuten.

Ugalketarako oiloetan, oilo erruleetan, oilaskoetan eta loditzeko indioilarretan, Salmonellaren prebalentzia murriztu egin zen edo egonkor mantendu zen 2016ren aldean. Ugalketarako indioilarretan, ordea, gora egin zuen.

Txerrien eta eskortako hegaztien kanaletako Salmonella emaitzei dagokienez, eskumena zuten agintariek emandako datuak, oro har, elikagai-enpresetako operadoreek emandako datuak baino altuagoak izan ziren.

Listeria

2008 eta 2017 artean, gora egin dute listeriosi kasuen jakinarazpenek, bereziki 2017an.

Hala ere, Listeria kasuen zenbaketak oso gutxitan gainditzen du jateko prest dauden elikagaiek (ready-to-eat food) izaten duten elikagaien segurtasun-muga.

Escherichia coli

Shigatoxinak ekoizten dituen Escherichia coli (STEC) baziloaren ondoriozko giza infekzio baieztatuen kopurua egonkorra izan zen. Guztira elikagai bidez transmititutako 5.079 agerraldiren berri eman zen (uraren bitartez transmititutakoak barne).

Elikagaiek eragindako agerraldiak

Salmonella izan zen eragilerik ohikoena, eta S. enteriditis izan zen serotiporik ohikoena, zazpi agerralditik bat eragin baitzuen. Atzetik daude beste bakteria, toxina bakteriano eta birus batzuk.

Agerraldien % 37,6tan ezin izan da eragilea identifikatu.

Salmonella/arrautzak eta Salmonella/haragi eta haragi-produktuak binomioak izan dira jakinarazpen gehien eragin dituztenak.