Zoonosia Gipuzkoan (2013): Zaintza epidemiologikoaren memoria – Osakidetza 2014
Zaintza epidemiologikoaren 2013ko txostena Gipuzkoako Osasun Publikoko Zuzendariordetzaren Epidemiologia Unitateak egin du, eta Informazio Mikrobiologikoaren Sistemara (IMS) igorritako datuak jasotzen ditu.
Hona hemen txosten horretatik atera ditzakegun ondorio nagusiak:
AREAGOTU EGIN DIRA
Campylobacter
944 isolamendu jakinarazi ziren, hau da, 2012an izandako isolamenduen kopurua (896) baino zertxobait gehiago. Isolamendu guztietatik, % 71,3 biztanleria pediatrikoan izan ziren eta horietatik % 57 3 urtetik beherakoak.
Bakterio horren gordailua hegaztien eta etxeko animalien edo animalia basatien heste-traktua da.
Hona hemen zuzendariordetzak campylobakteriosiaren arriskua saihesteko egiten dituen gomendioak:
- Oilo-haragia hozteko edo izozteko tenperaturatan gordetzea, erabili arte.
- Produktu osoa ondo kuzinatzea, egoste-tenperatura elikagaiaren barnealdera iritsi arte.
- Sukaldean kutsadura gurutzatua saihestea. Horretarako, animalia-jatorriko produktu gordinak manipulatu ondoren, garbitu eskuak, tresnak eta gainazalak behar bezala.
- Saihestu pasteurizatu gabeko esnea eta tratatu gabeko ura kontsumitzea.
Listeria
Odoleko eta/edo likido zefalorrakideoko Listeria monocytogenesen 21 isolamendu jakinarazi ziren, eta azkenik 22 kasu egiaztatu ziren.
Kopuru horrek aditzera eman zuen kasuak areagotu egin zirela; izan ere, Gipuzkoan IMSri aitortutako listeriosi (Listeria monocytogenes) kopurua, batez beste, 9 kasu/urte izan zen 2008 eta 2012 urteen artean.
Listeriosi kasuen areagotze hori EAEn ere atzeman da. Bertan, guztira 74 kasu jakinarazi ziren, hau da, azken 10 urteetako batez bestekoaren hirukoitza.
Kasuak areagotu direla ikusita, EAEn lantalde bat sortu zen. Epidemiologoak, mikrobiologoak eta elikagaien segurtasunaren arloko teknikariak bildu zituen talde horrek.
Salmonella
2013an Salmonellarekin loturiko 507 isolamendu jakinarazi ziren, hau da, 2012an baino % 44 gehiago, urte horretan 351 isolamendu jakinarazi baitziren (kopururik baxuena 1995-2012 epean).
Hona hemen gehienbat isolatu diren serotipoak: S. enteritidisen 308 isolamendu (% 60,6) eta S. typhimuriumen 108 isolamendu (% 21,3).
MURRIZTU EGIN DIRA EDO EGONKOR MANTENTZEN DIRA
Bruzelosia
Gipuzkoan, 2009. urteaz geroztik ez da Brucella kasu berririk atzeman.
Toxoplasmosia
2013. urtean IMSri ez zaio Toxoplasma gondiiren kasurik jakinarazi jaioberrien artean.
Oharra: 2014tik aurrera, sortzetiko Toxoplasmosiaren zaintza Derrigor adierazi beharreko gaixotasunen artean sartuko da.
Q sukarra
IMSri Coxiella burnettiren 3 kasu jakinarazi zitzaizkion, hau da, kopururik baxuena azken 11 urteetan.
Yersinia
Gipuzkoan, Yersinia enterocoliticaren 57 kasu jakinarazi zitzaizkion IMSri, hau da, kopurua aurreko urtekoaren antzekoa izan da. Azken urteotan, Europar Batasunean bezalaxe mantendu da beheranzko joera.
Zaintza Epidemiologikoaren Txostena 2013 Gipuzkoa – Osakidetza