Zaintza epidemiologikoaren 2014ko txostena Gipuzkoako Osasun Publikoko Zuzendariordetzaren Epidemiologia Unitateak egin du, eta Informazio Mikrobiologikoaren Sistemara (IMS) igorritako datuak jasotzen ditu.

Hona hemen txosten horretatik atera ditzakegun ondorio nagusiak:

AREAGOTU EGIN DIRA

Campylobactera

1.010 isolatze jakinarazi ziren, 2013an baino zertxobait gehiago (944).

Isolatze guztien artean, % 72 haurretan izan ziren, eta horietatik % 41 3 urtetik beherakoak ziren.
.

Zuzendariordetzak honako gomendio hauek eman ditu, campylobakteriosiaren arriskua saihesteko:

  • Oilasko-haragia tenperatura hotzean edo izozte-tenperaturan gordeta eduki, erabili arte.
  • Ondo prestatu produktu osoa, erreketa-tenperatura elikagaiaren barnealdera hel dadin.
  • Prebenitu kutsadura gurutzatua sukaldean; horretarako, ondo garbitu eskuak, tresnak eta gainazalak, animalia-jatorriko produktu gordinak manipulatu ondoren.
  • Ez edan pasteurizatu gabeko esnerik eta tratatu gabeko urik.

Mycobacterium bovis

Mycobacterium bovisaren 7 kasu aitortu zaizkio SIMi, aurreko urtean baino gehiago.

EFSAren 2013ko txostenaren arabera, Europako Batasunean, bi urteotan, egonkor mantendu da Mycobacterium bovisak gizakietan eragindako tuberkulosi-kasuen kopurua.

BEHERA EGIN DUTE EDO EGONKOR MANTENDU DIRA

Salmonella

2014an, Salmonellaren 307 isolatze jakinarazi dira, 2013an baino % 37 gutxiago. Azken 18 urteotako kopururik txikiena da hori.

Hauek izan dira gehien isolaturiko serotipoak: S. enteriditis, 104 isolatzetan (% 34) eta S. typhimurium, 119tan (% 39).

Listeria

Listeriosiaren 14 kasu jakinarazi ziren (2013an baino 7 gutxiago); horietatik 8k lotura zuten 2013an hasi zen eta 11 pertsonari eragin zion agerraldi batekin.

Kasuetako 9tan, saltoki handi batek merkaturatutako ahate-moussea jo zen eragiletzat.
Osasun Publikoko Zuzendaritzaren Elikagaien Unitateak alerten sareari eman zion gorabeheraren berri, eta zegokion produktua merkatutik kendu zuen.

Bruzelosia

2009tik, Gipuzkoan ez da Brucellagatiko kasu berririk jakinarazi.

Toxoplasmosia

2014an, SIMi ez zaio jakinarazi jaioberrien Toxoplasma gondiiaren kasurik.

Q sukarra

Coxiela burnettiren kasu-kopurua egonkor mantendu da (3 kasu zenbatu ziren 2012an, eta beste 3 2013an); 12 urteotako zifrarik txikienak dira.

Taenia

7 Taenia kasu jakinarazi dira; 15 urteotako kasu-kopuru txikiena da.

Yersinia

Gipuzkoan Yersinia enterocoliticak eragindako 23 kasu aitortu ziren, iaz (57) baino % 60 kasu gutxiago.

Zaintza Epidemiologikoaren Txostena 2014 Gipuzkoa – Osasun Saila EJ