CreSak eta MAGRAMAk txosten bat argitaratu dute. Bertan laburbiltzen dira Espainian, 2012. urteko zoonosiei eta antibiotikoekiko erresistentziari buruzko datuak.

Txostenak honako hauei buruzko informazioa biltzen du: batetik, gaixotasunak eta agente patogenoak animalien artean, gizakien artean eta elikagaietan; eta, bestalde, antibiotikoekiko erresistentzia, zenbait zoonosia-agenteren eta beste bakterio batzuen aurrean.

Txosten horren xedea da Espainian zoonosiei buruzko informazioa argi eta zehatz laburbiltzea, eta gaztelaniaz aurkeztea. EFSAk eta ECDCk urtero egiten dute Informe sobre tendencias y fuentes de zoonosis, agentes zoonósicos y brotes producidos por alimentos izeneko txostena, Europako Batzordeak hala aginduta. Txosten horrek estatu kide guztiek ematen duten informazioa biltzen du; baina, oso mamitsua izaten da, eta aztertzen zaila.

Txosten horretan honako datu hauek dira azpimarragarriak:

Salmonella

  • Espainian 4.216 salmonellosi-kasu jakinarazi ziren 2012an.
  • Elikagaien zoonosien bigarren eragile nagusia da, bai Espainian, bai EBn. Lehenengoa campilobacteriosia da.
  • Kasu horien % 50 baino gehiago S. enteritidis eta S. Typhimurium serotipoek eragin zituzten.
  • Azken 4 urteotan, pertsonen arteko salmonellosi-kasuen kopuruak behera egin du.
  • Oilasko-haragian atzeman zen lagin positiboen kopuru handiena (547tik 48). Jarraian, haragi gorria eta eratorriak (2.251tik 114) eta arrautzak eta arrautzez eginiko produktuak (651tik 30) ditugu.
  • Animaliei dagokienez, EBk ezarritako kontrol-planek (hazteko oilaskoen eta oilo erruleen artean, gizentzeko oilaskoen artean eta hazteko eta gizentzeko indioilarren artean) murritzarazi egin dute kutsatutako abeletxeen kopurua.

Listeria

  • 2012an, Espainian pertsonen artean 107 listeriosi-kasu jakinarazi ziren, hau da, 0,93 kasu 100.000 biztanleko.
  • Guztira 10.892 elikagai-lagin aztertu ziren, eta horietatik 189 izan zen positibo.
  • Haragian, arrainean eta itsaski freskoan baino ez zen atzeman % 1etik gorako portzentajerik.

Q sukarra

  • Espainian, Q sukarraren kasu-kopuruak behera egin zuen nabarmen gizakien artean, 2009an.
  • 2009az geroztik, ez dira jakinarazi urtean 100 kasu baino gehiago.
  • Ez dago nazioko zaintza-programarik, eta, ondorioz, ez dago jakiterik infekzioa zein zabalduta dagoen animalien artean.

Antibiotikoekiko erresistentzia:

  • Salmonella: oro har, hainbat antibiotiko (besteak beste, anpilizina, sulfonamidak eta tetraziklina) albaitaritzan erabili izan dira denbora luzez, bakterio-gaixotasunak tratatzeko. Antibiotiko horiekiko erresistentzia altua izan zen, batik bat, txerrietan.
  • Salmonella: ziprofloxazinarekiko erresistentzia handiagoa izan zen gizentzeko oilaskoen arteko salmonellaren kasuan.
  • Campylobacterra: 2009. eta 2011. urteen artean altuak izan da fluorokinolonekiko erresistentzia gizentzeko oilaskoetan.
  • Campylobacterra: campylobacteriosia tratatzeko normalean erabiltzen den eritromizinarekiko erresistentzia baxua izaten jarraitzen du elikagaietarako animalietan.
  • E. Coli: behi-jatorriko E. coliri dagokionez, erresistentzia txikiagoa izan zen, hegazti edo txerrietan atzemandakoetan baino.
  • E. Coli: kloranfenikolarekiko eta gentamizinarekiko erresistentzia nahiko baxua izan zen animalia-mota guztietan.
  • Enterococci: eritromizinarekiko erresistentzia (makrolidoak) altuak izan zen, bai E. faeciumen, bai E. faecalisen kasuetan. Maila altu horiek kezkagarriak dira; izan ere, eritromizina antibiotiko garrantzitsutzat jotzen da, eta ohikoa da berau erabiltzea gizakien infekzioak tratatzeko.
  • Enterococci: anpizilinarekiko erresistentzia ez zen ohikoa izan, bereziki, E. faecalis anduietan. % 36,1 baino ez zen atzeman hegazti-jatorriko E. faecium anduietan.

Txostena – MAGRAMA
Animalien gaixotasunei buruzko urteko txosten historikoak – RASVE (MAGRAMA)