Biozidak

Biozidak, Europa mailan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 22ko 528/2012 (EB) Araudiak, biozidak merkaturatzeari eta erabiltzeari buruzkoak, arautzen ditu. Horren bidez, biozidak erregistratu, baimendu eta merkaturatzeko ebaluazio-prozesua arautzen da.

Bizodak substantzia aktibo batek baino gehiagok osatzen dituzten (edo horiek sortzen dituzten) substantzia edo nahasketak dira. Horien xedea da organismo kaltegarrien jarduera suntsitzea, indargabetzea, neutralizatzea edo horien bestelako kontrol mota bat gauzatzea, akzio fisiko edo mekaniko hutsa ez den bestelako baliabide baten bidez.

Biozidetan, plagizida kimiko guztiak sartzen dira (besteak beste, intsektizidak, arratoi-pozoiak, fungizidak, herbizidak, desinfektatzaileak), nekazaritzako produktu plagizidak izan ezik. Azken horiek, produktu fitosanitario gisa katalogatzen dira eta euren erregistro propioa dute (Produktu Fitosanitarioen Erregistroa).

Baimena

Estatu kide bakoitzak modu bereizian baimentzen du produktu biozidak merkaturatzea euren mugen barruan, nahiz eta substantzia aktibo biozidak  Europa mailan onesten diren.

Hala substantzia aktiboen erabilera (biozida gisa) onesteko, nola produktu biozidak baimentzeko eta merkaturatzeko, aurretik ebaluazio bat egin behar da biozida gisa erabiltzeak osasunean eta ingurumenean duen arriskuari buruz. Substantzia aktiboak onesteko Europako Batzordearen exekuzio-araudiak eta Batzordeak substantzia aktiboak ez gehitzeko hartutako exekuzio-erabakiak Europar batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira.

Onetsitako substantzia aktiboen zerrenda Substantzia eta Nahasketa Kimikoen Europako Agentzian (ECHA) kontsulta daiteke.

Erregistroa

Produktu biozidak lurralde nazionalean merkaturatu eta erabili ahal izateko, aurretik baimendu egin behar dira eta Bioziden Erregistro Ofizialean inskribatu. Prozedurak eta baldintzak Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioko Osasun Publikoaren eta Kanpo Osasunaren Zuzendaritza Nagusian kontsulta daitezke.

Sailkapena

Biozidak 22 produktu motatan banatzen dira euren erabileran oinarrituta, eta produktu horiek lau multzo nagusitan sailkatzen dira:

TP 1 (1. produktu mota): Giza higienerako biozidak.

TP 2: Bizitza pribatuaren eta osasun publikoaren esparruetan erabiltzen diren desinfektatzaileak eta beste biozida batzuk.

TP 3: Animalien higienerako biozidak.

TP 4: Elikagaiekin eta pentsuekin kontaktuan dauden gainazaletarako desinfektatzaileak.

TP 5: Edateko ura desinfektatzeko produktuak.

TP 6: Ontziratutako produktuetarako kontserbatzaileak.

TP 7: Pelikuletarako kontserbatzaileak.

TP 8: Zurak babesteko produktuak.

TP 9: Zuntzak, larrua, kautxua eta material polimerizatuak babesteko produktuak.

TP 10: Harlangaitz-hormak babesteko produktuak.

TP 11: Hozteko sistemetan eta industria-prozesuetan erabiltzen diren likidoak babesteko produktuak.

TP 12: Lizunaren kontrako produktuak.

TP 13: Metalgintzako likidoak babesteko produktuak.

TP 14: Errodentizidak.

TP 15: Abizidak.

TP 16: Moluskizidak.

TP 17: Piszizidak.

TP 18: Intsektizidak, akarizidak eta beste artropodo batzuk kontrolatzeko produktuak.

TP 19: Produktu uxatzaileak eta erakartzaileak.

TP 20: Animali ornodunen kontrola.

TP 21: Zoldaren kontrako produktuak.

TP 22: Baltsamamendurako eta taxidermiarako likidoak.

528/2012 Araudiaren (EB) V. eranskinean, produktu motei eta horien deskribapenari buruzko zerrenda zehatza jasotzen da.

Produktuaren erabiltzailearen arabera, produktu biozidak hiru multzotan katalogatzen dira:

  • Oro har publikoak erabiltzeko biozidak
  • Profesionalek erabiltzeko biozidak
  • Langile espezializatuek erabiltzeko biozidak

Bioziden Erregistro Ofizialeko produktu bakoitzaren fitxan zehazten da produktu hori zein erabiltzaile-motak erabil dezakeen. Langile espezializatuek erabiltzeko biozidek etiketan identifikatuta egon behar dute; izan ere, horiek erabiltzeko berariazko gaitasuna izan behar da. Jarraian zehazten da gaitasun hori.

Prestakuntza

Ekainaren 25eko 830/2010 Errege Dekretuak arautzen du biozidekin tratamenduak egiteko gaitasuna.

2020ko uztailaren 14tik aurrera iraungi egingo dira bioziden aplikatzaileen gaur egungo agiriak.

Txartelen baliozkotasunaren luzapen gehigarria 2021eko uztailaren 15era arte. Ikusi informazio-oharra

*EGUNERAKETA* Ingurumenerako eta elikagaien industriarako (biozidak) plagizidak aplikatzeko txartela, bai oinarrizko maila edo kualifikatua, EZ DA BALIOKOA 2021eko uztailaren 15etik.

Araudi horren arabera, TP2 (legionelosia kontrolatzekoak izan ezik), TP3, TP4, TP11 (legionelosia kontrolatzekoak izan ezik), TP14, TP18 eta TP 19 produktuetan espezializatutako langileek erabiltzeko katalogatutako biozidak erabili ahal izateko, honako gaikuntza hau eduki beharko da:

  • Lanbide Heziketako titulua.
  • Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaroa.
  • Profesionaltasun-ziurtagiria.

Bi figura ezartzen dira:

  • Tratamendu biozidaren aplikatzailea: produktu biozidak aplikatzen dituen pertsona. (2. mailako kualifikazioa)
  • Arduradun teknikoa: egoeraren diagnostikoaren, tratamenduen plangintzaren, gauzatzearen eta ebaluazioaren arduraduna, bai eta horiek izan ditzaketen arriskuak gainbegiratu eta norbera eta ingurunea babesteko hartu beharreko neurriak zehaztekoa ere. Era berean, aplikazioa zein baldintzatan egin behar den zehazteko eta egindako zerbitzuaren ziurtagiria sinatzeko ardura izango du. (3. mailako kualifikazioa)

Figura horiek egiaztatu egin beharko dituzte honako kualifikazio profesional hauei dagozkien eskuduntza-unitateak:

  • 2. maila – Izurriak kontrolatzeko zerbitzuak (370 h): produktu biozidak euren ustiategietan erabiltzen dituztenentzat.
  • 3. maila – Organismo kaltegarriak kontrolatzeko zerbitzuen kudeaketa (510 h): Hirugarrenei zerbitzuak ematen dizkieten enpresentzat

TP2, TP3, TP4, TP11, TP14, TP18 eta TP19 motetako zerbitzu bioziden erantzukizun teknikoa gauzatzeko identifikatutako unibertsitate-titulazioak (Arduradun teknikoa) Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren dokumentu orientagarri honen I. eranskinean zehaztu ziren:

Zura tratatzeko produktuei dagokienez (TP8), honako prestakuntza-maila hauek ezartzen dira:

  • Aplikatzaileentzat prestakuntza (25 h)
  • Arduradun teknikoentzako prestakuntza (80 h)

Gainera, jarraian zehazten diren produktuek prestakuntza gehigarria beharko dute, aplikazio-eremua edozein dela ere:

  • T+ (oso toxikoak) gisa katalogatutako produktuak eta CMRak (kartzinogenoak, mutagenoak eta toxikoak ugalketarako). (40 h)
  • Gasak diren edo gasak sortzen dituzten produktuak (40 h)

Gaitasunak ebaluatzeko eta akreditatzeko prozesua

Eskatzen den kualifikazio profesionala lortzeko prozedura honako hau da: gaitasun profesionalak egiaztatzea, euren lanean arlo horretan jasotako esperientzia eta ezagutzak frogatuz.

Prozedura ofiziala da; beraz, interesdunek Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko prest egon beharko dute, horien bidez “Izurriak kontrolatzeko zerbitzua” (2. maila) eta “Organismo kaltegarriak kontrolatzeko zerbitzuen kudeaketa” (3. maila) egiaztatzeko.

1. taula: “Izurriak kontrolatzeko zerbitzua” Lanbide Heziketaren katalogo modularrarekin baliokidetza. Lanekoak ez diren praktika profesionalei dagozkien orduak kentzen dira, horietan prozedura salbuetsita baitago.
2. taula: “Organismo kaltegarriak kontrolatzeko zerbitzuen kudeaketa” Lanbide Heziketaren katalogo modularrarekin baliokidetza. Lanekoak ez diren praktika profesionalei dagozkien orduak kentzen dira, horietan prozedura salbuetsita baitago.

Egiaztatzea gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da Gaitasun Profesionalak Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Prozedura gainditzea. Jarraian deskribatzen da prozedura eta zehazten dira hura gauzatzeko baldintzak eta eman beharreko urratsak.

Sarbide-baldintzak

  • 18 urte baino gehiago izatea.
  • Nazionalitate espainiarra izatea, Europako herritarren erregistroko ziurtagiria edo Europar Batasuneko herritarren familia-txartela lortzea, edo Espainian bizitzeko edo bizitzeko eta lan egiteko indarrean dagoen baimen baten jabe izatea.
  • Azken 10 urteetan gutxienez 3 urteko esperientzia egiaztatzea, egiaztatu nahi diren gaitasunen arloan.
  • EZ da eskatzen bioziden egungo agiria edukitzeko.

Aurrez izena ematea: Aurkeztu beharreko dokumentazioa

  • Aurrez izena emateko eskaera
  • Enpresa-ziurtagiria, eskatzen dituen eskuduntza-unitateekin lotutako lanpostu batean lan egiten duela egiaztatzen duena (eredua webgunean egongo da eskuragarri: ivac-eei.eus, deialdia argitaratzen denetik aurrera).
  • Lan-bizitzaren laburpena (Internet bidez edo Gizarte Segurantzaren bulegoetako batean eska daiteke).

Lanbide Heziketaren edozein zentrotan eman daiteke izena aurrez.

Prozeduraren faseak

Prozedurak 3 fase ditu: aholkularitza, ebaluazioa eta egiaztatzea

  1. Aholkularitza: Aurrez izena eman eta prozesuan onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda argitaratu ostean, interesdunak aholkularitza-prozesuan eman beharko du izena eta dagozkion tasak ordaindu. Aholkularitza-prozesuan, elkarrizketa baten bidez, aholkulariak interesdunak dituen eskuduntzak identifikatuko ditu.
  2. Ebaluazioa: Aholkularitza-prozesua amaitu ostean, interesdunak ebaluazio-prozesuan eman beharko du izena, baliozkotu nahi den eskuduntza-unitate bakoitzerako. Ebaluazio Batzordeak balorazio-irizpena emango du, eta bertan adieraziko da zer onartu zaion probarik egin gabe, oraindik zer ez zaion onartu eta zein eskuduntza-proba egin behar dituen.
  3. Egiaztatzea: Eskatutako eskuduntza-unitate bakoitzerako ebaluazio-fasea gainditu ostean, eskuduntzak aitortzea da. Eskuduntza guztietarako ebaluazio-fasea gainditu ezean, Ebaluazio Batzordeak interesdunari prestakuntza-plana proposatuko dio, eskuduntzen unitateen ebaluazioa gainditzeko beharrezkoak dituen ezagutzak eskura ditzan.

Prozedura gaindituz gero, interesdunak Profesionaltasun Ziurtagiria eskatu beharko du, egiaztatutako eskuduntza-unitateek osatuko dutena, eta horrela, Kualifikazio Profesionalerako gaitasuna eskuratuko du.

Eguneratze data: