EFSAk azterketa bat egin du ostra gordinetako norobirusaren prebalentziari buruzko EBko zaintza-programa koordinatuaren inguruan. Guztira, ekoizpen-eremuko 2.180 lagin eta banaketa-zentroetako 2.129 lagin aztertu zituen, elkarren segidako bi urtetan hartuak. Azterketa horren bidez, atalaseak ebaluatu ziren, baina gaitasun analitikoaren ikuspegitik, ez gizakion osasunerako arriskuaren ikuspegitik.

Ekoizpen-eremuetako prebalentzia

Kalkulatu zen EBko ostren ekoizpen-eremuetako norobirus-prebalentzia % 34,5ekoa dela; horrek agerian uzten du giza jatorriko kutsadura fekala dagoela ostren ekoizpen-eremuetan. Kutsadura horrek, prebalentzia eta aurkitutako kantitatea kontuan hartuta, aldakortasun handia izan zuen urtaroen arabera: kutsadura handiena neguko hilabeteetan aurkitu zen (azaroa-apirila) eta txikiena udako hilabeteetan.

Banaketa-zentroetako loteetako prebalentzia

Banaketa-zentroetako ostra-loteetan aurkitutako norobirus-prebalentzia % 10,9koa izan zen. Ikusi zen, halaber, urtaroen araberako aldakuntza neurritsuagoa zela, baina ekoizpen-eremuetan ikusitakoaren antzekoa (kutsadura handiagoa neguan). Hortaz, ondoriozta dezakegu azken produktuen kontaminazioaren jatorria ekoizpen primarioan dagoela, hor kontaminatzen baitira ostrak norobirusarekin.

Gaitasun analitikoa eta irizpide mikrobiologikoak

Atalaseak gaitasun analitikoaren ikuspegitik ebaluatzeko datuen analisiari dagokionez, bi genotaldeetan (NoV Gi eta GII), hartutako laginen % 10 baino gutxiagotan gainditu zen zegokien kuantifikazio-muga (LOQ), 300 cpg.

Gaur egun bi kuskuko moluskuei aplika dakizkiekeen irizpide mikrobiologikoak osatu egin daitezke norobirusentzako irizpide batekin. Ordezkapen-ikuspegiaren analisiek agerian jartzen dutenez, zaila izango litzateke LOQtik gertu dagoen edo hori baino baxuagoa den muga potentzial bat aplikatzea (adibidez, 300 cpg baino gutxiago) irizpide mikrobiologiko baten barruan.