Europako Batzordeak eskatuta, EFSAk eguneratu egin du elikagaietako A Tetrabromobisfenolari (TBBPA) eta horren bost eratorriei buruzko 2011ko arriskuen ebaluazioa.

Neurotoxikotasuna eta kartzinogenizitatea konposatu horren ondorio kritikotzat hartu ziren esperimentazioko animaliengan.

TBBPA eta bere eratorriak sugar-atzeratzaile bromatuak dira. Konposatu horiek ingurumenera igarotzen direnean, beren Bromo atomoen zati bat galdu duten analogo bihur daitezke, eta, batzuetan, Bisfenol A (BPA) bihur daitezke

Datu berriak kontuan hartuta, CONTAM panelak egokitzat jo du eguneko ingestio jasangarri (EIJ) bat ezartzea. Esperimentazioko animalietan eskuragarri dauden datuak erabiliz, LOAEL bat (ikusitako ondorio kaltegarrien mailarik baxuena) identifikatu da, eguneko eta gorputz-pisuko 0,2 mg/kg-koa, eta kopuru hori hartzen da arriskuaren karakterizaziorako erreferentzia-puntu gisa. Lehenetsitako 100eko ziurgabetasun-faktorea aplikatuta espeziearteko eta espeziebarneko aldakortasunerako, eta 3ko faktorea LOAELetik NOAELera estrapolatzeko, TBBPArako EIJ bat ezarri da, eguneko eta gorputz-pisuko 0,7 μg/kg-koa.

Elikagaien 2.100 lagin aztertu ondoren, Europako biztanleriaren elikadura-esposizioa kalkulatu da, eta arraina eta itsaskiak, haragia eta haragi-produktuak eta esnea eta esnekiak ziren esposizio horretan TBBPA gehien ematen zutenak.

Dena den, kutsatzaile horrekiko esposizioa EIJren azpitik dago adin-talde guztietan, bularreko haurren estimazioak barne (bai amaren esnearekin elikatutakoak bai formulako esnearekin elikatutakoak).

Ebaluazioari eragiten dioten ziurgabetasunak kontuan hartuta, CONTAM panelak % 90-95eko ziurtasunarekin ondorioztatu zuen TBBPAren egungo elikadura-esposizioak ez dakarrela inolako osasun-arazorik kontuan hartutako biztanleria-talde bakar batentzat ere.

TBBPAren eratorrien toxikotasunari buruzko datu nahikorik ez dago 5 eratorriak eta A Tetrabromobisfenola elkartzen dituen arriskuaren ebaluazio konbinatua ezarri ahal izateko.

TBBPA