EFSAk duela gutxi argitaratu du elikagaien arriskua/onura ebaluatzeko gida, 2010ean lehen aldiz argitaratua, eta sarbide irekiko arriskuak ebaluatzeko tresna bat, ImproRisk izenekoa.

Arrisku/onura ebaluatzeko gidaren eguneraketa

Gida honen helburua da ebaluazio-agertokien sorta zabal batean aplikatzeko moduko esparru bat eskaintzea, prozesua harmonizatzeko. Horretarako, aukera metodologiko gehigarriak proposatzen dira, konplexutasun handiagoko ebaluazioei ekiteko, hala nola arrisku kimiko ugariekiko esposizioa edo biztanleriaren hainbat taldetan osasunean dituen ondorioak.

 

Eguneratutako orientabideek ikuspegi berriak dituzte atal hauetan:

  • Arriskuak eta onurak identifikatzea, lehenestea eta sistematikoki eta garden hautatzea.
  • Ondorio kaltegarriak eta onuragarriak ezaugarritzea, dosi-erantzunaren modelizazioa barne.
  • Ondorio kaltegarriak eta onuragarriak ezaugarritzea, aldagarritasuna, ziurgabetasuna, larritasunaren kategorizazioa eta ondorio desberdinen sailkapena (onuragarriak edo kaltegarriak) txertatuz. Ikuspegi gehigarriak proposatzen dira, hala nola ondorio garrantzitsu guztien probabilitatea, larritasunaren arabera haztatuta.
  • Osasunean dituen ondorio mota ezberdinen inpaktua: ebaluazio kualitatiboa edo kuantitatiboa, aginduaren eta datuen eskuragarritasunaren arabera.
  • Arriskuak eta onurak integratzea: hainbat neurri proposatzen dira, hala nola desgaitasunaren arabera egokitutako bizi-urteak (DALYs) eta kalitatearen arabera doitutako bizi-urteak (QALYs).
  • Arriskua/onura ebaluazioaren emaitzak jakinaraztea eta interpretatzea, kontsumitzaileen ikuspegia kontuan hartuta.

ImproRisk tresna

ImproRisk sarbide irekiko arriskuak ebaluatzeko tresna bat da, elikagaien bidezko esposizioa ebaluatzeko metodologiak harmonizatzen, estandarizatzen eta gardenago egiten laguntzen duena.

 

Tresna erraz hori EFSAren sailkapen- eta deskribapen-sistemaren (FoodEx2) arabera kodetutako elikagaien kontsumo-datuak onartzeko diseinatu da. Horrela, biztanleria-talde ezberdinentzako arrisku baten esposizioa zenbatetsi daiteke ezaugarri demografikoak kontuan hartuz.

 

Tresna horrek erabakiak hartzea errazten du; izan ere, balio orientagarria gainditzen duen biztanleriaren ehunekoari edo osasunerako eta substantzia kimiko espezifiko baterako garrantzitsuak diren erreferentzia-puntuei buruzko informazioa ematen du. Horregatik, oso baliagarritzat jotzen da, bai arriskua ebaluatzeko bai kudeatzeko.