Artsenikoaren konposatu organikoek elikagaietan duten arriskua ebaluatu du EFSAK, artsenikoak elikagaietan duen presentziaren zientzia-irizpena (EFSA, 2009) osatzeko asmoz, horrek argi utzi baitzuen konposatu horiei buruzko datu gutxi zegoela.

Iritzi zientifiko berriaren arabera, azido dimetilartsinikoa DMA(V) da elikagaietan gehien dagoen konposatu organoartsenikoa, eta kontzentraziorik altuenak arrozean, algetan eta beste itsaskietan daude. Gainera, konposatu organoartseniko guztien artean genotoxizitate eta kartzinogenizitate handieneko konposatua da. Txostenak konposatu horietako batzuentzako erreferentziazko balioak ematen ditu amaieran, eta etorkizuneko arrisku ebaluazioetarako ikerketa beharrak identifikatu ditu.

Toxicologia

Esperimentazio-animalietan, monometilartsinikoa – MMA(V) nahiz dimetilartsinikoa – DMA(V) ongi xurgatzen dira. Ehunetatik banatzen dira eta, hein handi batean, gernuan aldaketarik gabe kanporatzen dira.

Pertsonekin egindako azterketa batean, artsenikoa ahoz eta MMA(V) dosi bakarrean emanda, eraginkortasunez kanporatu zen gernuaren bidez, batez ere eraldatu gabeko MMA(V) bezala, eta % 13 besterik ez duela (artsenikoaren espezie guztietatik) DMA(V) bezala. Azterketa horretan bertan artsenikoa DMA(V)-ren dosi bakar gisa hartu zenean, ez zen ondorengo metabolismoaren ebidentziarik izan eta DMA(V) alteratu gabea gernuan bakarrik aurkitu zen. Gainera, argi geratu da MMA(V) eta DMA(V)k plazenta zeharkatzen dutela, eta DMA(V) aztarnak hauteman dira ama-esnean ere.

Esposizioaren ebaluazioa

DMA(V)ren dieta bidezko esposizio kroniko altuena “haurrengan” zenbatetsi zen, eta arroza eta arraina izan ziren ekarpen handiena egiten zutenak adin guztietan.

MMA(V)ri dagokionez, elikagaien bidezko esposizio altuenak arrain eta prozesatutako/kontserbako arrain kontsumitzaile handiek zituzten “bularreko haurren” eta “adin handiko pertsonen” taldeetan, hurrenez hurren.

Gomendatutako ahorakinak

MMA(V)ri dagokionez, baloratzeko irizpide gisa identifikatu zen arratoiek beherakoen ondorioz gorputz-pisua galtzea, eta erreferentzia gisa MMA(V)ren 18,2 mg-ko BMDL10en dosi bat/kg gorputz-pisua eguneko kalkulatu zen (eguneko 9,7 mg As/kg gp-ren baliokidea).

DMA(V)rako balorazio-irizpide kritiko gisa identifikatu zen arratoietan maskuriko tumoreen intzidentzia haztea. Erreferentzia gisa kalkulatu zen DMA(V)ren 1,1 mg-ko BMDL10en dosi bat/kg gorputz-pisua eguneko (eguneko 0,6 mg As/kg gp-ren baliokidea).

Beste espezie organoartseniko txiki batzuentzako datu toxikologikoak ez dira nahikoak ondorio kritikoak identifikatzeko, eta ezin izan dira arriskuen ebaluazioan sartu.

Arriskuaren karakterizazioa

Dena dela, MMA(V) nahiz DMA(V)rako datu-base toxikologikoa ez dago osatuta, eta ez da egokia osasunean oinarritutako gutxi gorabeherako balioak ezartzea; esposizio-tartearen (MOE) ikuspegia ezarri behar da arriskuaren karakterizaziorako.

MMA(V)ri dagokionez, ez dago in vivo duen genotoxizitatearen eta kartzinogenizitatearen ebidentzia zientifikorik. Ondorioz, aditu taldeak ondorioztatu zuen MOE ≥ 500 bazen, ez zegoela osasun arazorik, 100eko ziurgabetasun-faktore lehenetsia espezie eta intraespezie desberdinentzat kontuan izanda, eta 5eko ziurgabetasun-faktore gehigarria, datu-baseetako gabeziak kontuan izateko.

DMA(V)rentzat 10.000ko MOE identifikatu zen osasunarentzako kezka gutxikotzat; izan ere genotoxikoa eta kartzinogenikoa da, nahiz eta genotoxizitateko mekanismoak eta horrek DMA(V)ren kartzinogenizitatean duen egitekoa ez dauden erabat argituta eta ebidentziatuta.

Gomendioak

CONTAM taldeak ikertzeko zenbait behar finkatu zituen, hala nola:

  • Baliozkotutako analisi-metodo sendoak, elikagaietan dauden espezie organoartseniko txiki guztiak zehazteko.
  • Espezie organoartseniko txikien giza-metabolismoa eta giza-osasunarentzat dituen ondorioak hobeto ulertzea.
  • Azterketa toxikologikoak MMA(V) eta DMA(V)k garapenean duten ondorioei eta neurotoxititateari buruz.
  • Datu gehiago MMA(V) eta DMA(V) ez diren espezie organoartseniko txikien toxikotasunari buruz.
  • Espezie organoartseniko txikiek DNAn kalteak eragiteko mekanismoak ikertzea, DNArekin duen interakzioa argitzeko.
  • Espezie organoartseniko txiki guztien propietate genotoxikoei buruzko azterlanak.
  • Espezie organoartseniko txikiek ama-esnean duten presentziari buruzko datuak, baita elikagaietan duen presentziari buruzkoak ere (adibidez, arroza, arraina eta itsaskiak, arroza oinarri duten haurrentzako formulak).