Plastiko-partikulek osasunean izan ditzaketen eraginak ikertzen dituen Alemaniako Arriskuen Ebaluaziorako Institutu Federaleko (BfR) ikerketa‑talde batek txosten zientifiko bat argitaratu du nano eta mikroplastikoek giza zelulekin dituzten interakzioei buruz.

Plastiko-partikulak ingurumenean askatzen dira hainbat material polimerikoen degradazioren ondorioz, eta elikagai eta edarien bidez arnastu edo irentsi daitezke.

Egungo frogen arabera, mikroplastikoek arrisku txikia dakarte giza osasunarentzat (baina ez nanoplastikoek). Milimetro bat eta bost milimetro arteko tamainarekin, mikroplastikoak “handiegiak” dira giza zelulek modu esanguratsuan xurgatzeko, eta gehienak iraitzi egiten dira.

Hala ere, egoera desberdina da partikula txikiagoekin, adibidez submikro eta nanoplastikoekin (1 eta 1.000 nanometro arteko partikulak). Tamaina txikia dela eta, zaila da horiek hautematea, baita egungo teknika mikroskopikoekin ere; beraz, ezin da ziur jakin giza gorputzak zenbateko kopurua xurga dezakeen.

BfR-ko ikertzaileek hainbat motatako plastikoen xurgatzea aztertu dute heste eta gibeleko zeluletan: plastiko horiek plastikozko ontzi eta mahai-tresnetan edo elikagaien ontzietan erabiltzen dira.

Emaitzak

Xurgatzea partikularen tamainaren araberakoa da (geroz eta txikiagoa izan, orduan eta gehiago xurgatzen da), baina baita partikula motaren araberakoa ere. Heste meharreko zelulak, heste-argiaren eta organismoaren arteko barrera natural gisa, nahiko iragazgaitzak izan ziren. Mikroplastikoak soilik neurri txikian “iragazi” ziren zelulan.

Partikula txikiagoak (maila submikrometrikoan), aldiz, neurri handiagoan hauteman ziren heste eta gibeleko zeluletan. Partikula horiek zuzenean itsatsi ziren zelula-mintzean, edo zelula-mintzeko besikula txikietan gelditu ziren harrapatuta. Prozesu horri endozitosi deritzo.

Oraindik ez dakite zehaztasunez partikula-zelula interakzioak zelularen ohiko metabolismoa alda dezakeen. Plastiko-partikulek ere potentzialki kaltegarriak izan daitezkeen substantziak izan ditzakete, eta zelulan sartu “Troiako Zaldi” gisa.

Beste kontu interesgarri bat partikula horiek izan ditzaketen hanturazko eraginak dira; orain arte ez dute hori gehiegi aztertu, eta BfR-k etorkizuneko azterlanetan argitu nahi du.