AESANeko Batzorde Zientifikoak klima-aldaketaren eta elikagaien alergiak garatzearen arteko zuzeneko eta zeharkako harremanari buruz dauden ebidentzia zientifikoak aztertu ditu berriro, eta ondorioztatu du klima-aldaketa globalak eragina izan dezakeela elikagaien alergiak agertzean, zenbait mekanismoren bidez.

Klima-aldaketaren eraginak

  1. Tenperatura globala etengabe igotzen ari denez, lehenago loratzen dira landareak eta polena denbora luzeagoz hedatzen da airean, ondorioz, polenari alergia dioten pazienteek sintomak jasaten dituzten denboraldia luzeagoa izaten da, eta sintomen prebalentzia eta larritasuna ere hazi da.
  2. Hirietan berotegi-gasen isuriak eta poluzioa hazi egin direnez, alergenoen ekoizpena ere hazi egin da, eta kontzentrazio handiagoa dago polenean nahiz landare jatorriko elikagaietan zuzenean.
  3. Landu daitekeen azalera gehiago behar denez, eremu naturalen okupazioa hazten ari da eta horrek ingurumeneko biodibertsitatea murrizten du eta elikagaien eskuragarritasuna ere bai; ondorioz, gure organismoan eragina duten antigenoen kopurua murriztu egiten da, gure sistema immunitarioa alteratzen da eta sistemaren tolerantzia-gaitasunean eragina du. Ikusi denez, gure dietan elikagaien aniztasuna murriztuz gero, batez ere garapeneko lehen etapetan, elikagaiekiko alergiak garatzeko predisposizio handiagoa izango da.
  4. Elikagaien batez besteko bizitza luzatu beharrak eta distantzia luzeetara garraiatu beharrak gero eta handiagoa den biztanleria elikatzeko, agente kimiko kontserbatzaileak erabiltzea ekarri du eta ontzietan petrolioaren eratorriak erabiltzea. Elikagaietan dauden substantzia kimikoen hondarrek produktu horiek hesteetako mukosan xurgatzea eragin dezakete eta hesteetako mikrobioma narriatu; eta horrek elikagaien alergia agertzea sustatzen du. Funtsezkoa da elikagai osasungarri eta seguruak bermatuko dituzten eragile kontserbatzaileak aurkitzea, gure osasuna kaltetu gabe.
  5. Petroliotik eratorritako produktuen erabilera hazi egin denez, PM (Particulate Matter) partikulak eta nanopartikula kutsagarriak agertu dira uretan eta lurrean, giza jardueraren ondorioz edo ontzi eta plastikoen narriatze-prozesuaren ondorioz.
    Partikula horien jarduteko mekanismoa desberdina den arren, eraginak dituzte mukosetan, aktibatu egiten dituzte eta gaixotasun alergikoren bat izateko aukerak hazi egiten dira.

Gomendioak

AESANeko Batzorde Zientifikoak, goiko premisa horiek kontuan izanda, honako gomendio hauek egiten ditu:

  • Klimako aldaketak geratzeko edo murrizteko elkarrekin lan egiteko beharra, gure planeta salbatzeko ez ezik, gure osasuna babesteko ere bai. Gaur hartuko ditugun erabakiek, banako eta taldeko ekintzak eta ez-egiteak barne, biztanleria osoan izango dute eragina mundu-mailan eta etorkizuneko belaunaldietan ere bai.
  • Gaixotasun alergikoak dituzten pertsonak eta biztanleria oro har babesteko erantzukidetasuna, eta gizartea nahiz erakunde publikoak hertsatzekoa klima-aldaketak osasun publikoan duen eragina murriztera.