EFSAren CONTAM panelak eta elikagai eta pentsuetako naftaleno polikloratuek (PNC) gizakien eta animalien osasunean duten arriskua ebaluatu du, eta teorian posible diren 75 naftaleno kloratuak (hexaCN) hartu ditu aintzat. Panelak ondorioztatu zuen gaur egun hexaCNekiko elikagaien bidezko esposizioa ez dela arriskutsua giza osasunerako. Pentsuei dagokienez, ezin izan da arriskua karakterizatu.

Irizpen honek ez ditu aintzat hartzen naftalenoa, naftaleno bromatuak eta kloro/bromo naftalenoak; izan ere, oso datu gutxi daude kide diren bestelako PCNei buruz.

Zer dira naftaleno polikloratuak?

Naftaleno polikloratuak (PNC) hidrokarburo aromatiko polizikloko kloratuak (CI-PAH) dira. PCNen nahasketak lubrifikatzaile, kable elektrikoen isolatzaile, egur, paper eta ehunen kontserbatzaile eta plastifikatzaile gisa erabiltzen ziren. Hori dela eta, nonahi daude ingurumenean eta kutsatzaile organiko iraunkorren (KOI) zerrendan daude sartuta.

Toxikotasuna

Arratoiekin zenbait azterketa egin ziren 10 hexaCN nagusiak zituzten hexaCN nahasketa baten dosi errepikatuen aho bidezko toxikotasunari buruz, eta azterlan horiek adierazi zuten helburua sistema hematologikoa zela. Honako BMDL20 identifikatu zen: 0,05 mg/gorputz-pisuaren kg/egun plaketen zenbaketa nabarmen murrizteko.

Elikagaiekiko esposizioaren ebaluazioa

Elikagaietako hexaCNen kasuan, 2.317 analisi-emaitza erabili ziren elikagaiekiko esposizioa zenbatesteko, adin-taldeen araberako elikagai-inkesten arabera.

Esposiziorik altuena 0,91 eta 29,8 pg artekoa izan zen gorputz-pisuaren kg-ko eta eguneko biztanle orokorren artean, eta 220 eta 559 pg artekoa gorputz-pisuaren kg-ko eta eguneko ama-esne gehien hartzen zuten bularreko haurren artean.

Esposizio-tartearen (MOE) ikuspegia aplikatuta, elikagaiekiko esposizio altuen MOE zenbatetsiak 1.700.000 eta 55.000.000 artekoak izan ziren biztanle orokorren artean, eta 90.000 eta 230.000 artekoak ama-esne gehien hartzen zuten bularreko haurren artean.

Ondorioz, panelaren iritziz, ≥ 2000 MOEak nahikoa dira ondorioztatzeko gaur egungo hexaCNekiko elikagaien bidezko esposizioa ez dela arriskutsua giza osasunarentzat.

Ondorioak

Ebaluazioari eragiten dioten ziurgabetasun guztiak aintzat hartuta (besteak beste, arriskua ebaluatzeko eskuragarri dauden datu-baseen muga garrantzitsuak edo elikagai-kategoria garrantzitsu askoren presentziari buruzko daturik eza), CONTAM panelak ondorioztatu zuen, gutxienez % 99ko ziurtasunez, hexaCNekiko elikagaien bidezko esposizioa ez dela arriskutsua eraginpeko biztanleen osasunerako.

Pentsuen ebaluazioak

Pentsuetako hexaCNei dagokienez, 127 analisi-emaitza erabili ziren elikagaietarako diren eta elikagaietarako ez diren animalien elikagaiekiko esposizioa zenbatesteko. Hala ere, ezin izan zen arriskua karakterizatu, azterketa toxikologiko bakar batek ere ez zuelako erreferentzia‑puntuak identifikatzeko aukerarik eman.