Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txosten batean substantzia jakin batzuen eta horien hondakinen erabilera desegokiaren edo legez kontrako erabileraren ondorioz lortutako emaitzak ebaluatzen dira. Era berean, animalietan ingurumen‑kutsatzaileen presentzia eta Euskadin 2020an ekoitzitako animalia horietatik eratorritako produktuak ere ebaluatzen ditu. Hiltegietan zein abeltzaintza-ustiategietan hartutako 300 lagin baino gehiago aztertu ondoren, ondoriozta daiteke farmakologikoki aktiboak diren substantziak modu egokian erabiltzen direla; izan ere, hautemandako positiboen intzidentziak behera egin du ia desagertu arte.

Hondakinen Ikerketarako Plan Nazionala (HIPN)

Euskadin, 1990. urtean abiarazi zen Hondakinen Ikerketarako Plana, eta animalia‑jatorriko produktuetan substantzia sendagarrien hondakinen presentzia murriztea du helburu. Hala, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailek, foru-aldundietako abeltzaintza zerbitzuekin batera, ikuskatu eta kontrolatu egiten dute farmakologikoki aktiboak diren substantzien erabilera desegokia edo legez kontrakoa gure lurraldeko abeltzaintza-ustiategietan eta hiltegietan.

 

Plan hori diseinatzeko, aintzat hartzen dira 96/23 (EE) Zuzentaraua (1749/1998 Errege Dekretuaren bidez Estatuko ordenamendu juridikoan txertatua), eta zientzia-aurrerapenak eta hondakinen detekzioaren bilakaera. Laginen kopurua hildako animalien kopuruaren edo animalia-jatorriko beste produktu batzuen (esnea, arrautzak, eztia) ekoizpen-bolumenaren arabera zehazten da, eta, horrez gain, emaitzen historikoa hartzen da aintzat. Laginketak susmagarriak edo zuzendutakoak izan daitezke, eta bi taldetan sailkatutako substantzien hondakinak aztertzen dira. Jarraian, talde bakoitzerako lortutako emaitzak zehazten dira.

A TALDEA: Eragin anabolizatzailea duten substantziak eta baimendu gabeko substantziak

Talde horretan sartutako substantzietatik, batetik, eragin anabolizatzailea duten substantzien laginak (estilbenoak, esteroideak, laktonak, tireostatikoak eta b-agonistak), eta, bestetik, toxikotasuna dela eta, albaitaritza terapeutikan baimendu gabeko substantzien laginak (besteak beste, kloranfenikola, nitrofuranoak eta nitroimidazoleak) hartu dira aztertzeko. Albaitaritza‑ustiategietan zein hiltegietan hartutako 173 laginetatik, gure lurraldean ez da hauteman lagin ez-onargarririk. Horrek argi erakusten du gure lurraldean hazi eta hildako animaliak tratatzeko substantzia horiek erabiltzeak ez duela garrantzi handirik, eta elikagaien segurtasun-maila altua dela.

 

Nahiz eta 12 urtetan ez den lagin ez-onargarririk hauteman, substantzia horiek kontrolatzen jarraitzen da, giza osasunerako arriskutsuak baitira.

B TALDEA: Albaitaritzako sendagaiak eta kutsatzaileak

Talde honetan 3 substantzia-mota aztertzen dira: Antibakterioak (B1), albaitaritzako beste sendagai batzuk (B2) eta kutsatzaile kimikoak (B3):

 

  • B1 substantzia antibakterioak, sulfamidak eta kinolinak barne: 87 lagin aztertu dira, eta oilo‑arrautzaren lagin bat ez-onargarria izan da sulfadiazinarekiko eta trimetoprimarekiko. Ustiategietan egindako ikerketaren ondoren, ondorioztatu zen emaitza positiboa oilo erruleek substantzia horien aztarnak zituen pentsua kontsumitzearen ondorioz gertatu zela. Hala ere, aintzat hartuta aziendaren zaintza sanitariorako antimikrobianoak erabiltzen direla, orokorrean ondoriozta daiteke antimikrobianoak modu onargarrian erabiltzen direla.

 

  • B2 albaitaritzako beste sendagai batzuk, antihelmintikoak, kokzidiostatikoak, karbamatoak eta piretroideak, lasaigarriak, antiinflamatorio ez-esteroideak eta kortikoesteroideak barne: talde honetatik lagin gutxiago hartu dira; izan ere, ez zitzaien laginik hartu zezenketetarako zezenei, COVID-19aren pandemiaren ondorioz zezenketak bertan behera gelditu baitziren. Hartutako 99 laginetatik, denak onargarriak izan dira. 2009tik 2020ra bitartean ez dira lagin ez-onargarriak hauteman talde horretan, 2017ko bi lagin positibo (antiinflamatorio ez-esteroideekiko eta kortikoesteroideekiko) izan ezik. Horrek agerian uzten du albaitaritzako sendagaiak zentzuz erabiltzen direla.

 

  • B3 Kutsatzaile kimikoak, organokloratuak eta PCBak,  organofosforatuak, metal astunak, mikotoxinak eta koloragarriak barne: talde honetatik 37 lagin hartu dira, eta denak izan dira onargarriak. 2014az geroztik, talde honetan ez da lagin ez-onargarririk detektatu, 2017an detektatutako mikotoxinekiko 3 lagin positibo izan ezik. Horrek adierazten du animalia‑jatorriko elikagaien kutsadura-maila oso txikia dela.