EFSAk arrisku emergenteak identifikatzen laguntzeko ezagutza‑sare batzuk ditu, hala nola, arrisku emergenteen truke‑sarea (EREN), arrisku emergenteei buruzko interesdunen taldea (StaDG-ER), EFSAko unitate zientifikoak, panel zientifikoak eta Batzorde Zientifikoa. Horiei guztiei esker, EFSA arriskuen ebaluazioaren arloan etorkizunean sor litezkeen erronkei aurre egiteko presta daiteke. Txosten tekniko honetan talde horiek 2021ean identifikatutako jarduerak eta gaiak laburtzen dira.

Ondorioak

Guztira 18 arazo emergente identifikatu dira, eta arriskuaren eta/edo faktore abiarazlearen arabera sailkatu dira. Identifikatutako arazoen erditan baino gehiagotan, kontsumo‑joeren aldaketa izan da arriskua areagotu duen faktorea.

Kasu guztietan aurrez definitutako 4 irizpide erabili dira arrisku emergentea den edo ez ebaluatzeko: arrisku berria, esposizio berria den edo areagotzen ari den, talde sentikor berria eta faktore abiarazle berria. Guztira, zortzi arrisku emergentetzat jo dira, baina beste hamarrak ez; izan ere, ez zegoen ondorio horretara iristeko informazio nahikorik, hau da, ez zen arazo berririk, esposizio berririk edo areagotzerik identifikatu, ezta talde sentikor berririk ere.

Hauek dira 2021ean identifikatutako 8 arrisku emergenteak:

  1. Ardi‑pestibirus berria, txerri‑izurriaren birus klasikoari oso lotuta dagoena.
  2. D bitaminaren gaindosi‑arriskua elikadura­‑osagarrietan.
  3. Lyssavirus-aren lehen kasua katuetan.
  4. Shiga toxina sortzen duen escherichia alberti.
  5. Koko‑olioaren ingestioak eragindako osasunerako arriskua.
  6. Pestizida eta ongarriak gutxiago erabiltzearen ondorioz sortutako arrisku emergente potentzialak.
  7. Brevetoxinak itsaskietan.
  8. Mycoplasma bovis-aren ondoriozko infekzioen gaineko garrantzia eta/edo kontzientziazioa.

Horrez gain, EREN sareak 2021ean agertutako 35 seinale emergente potentzialen berri eman zuen (txosteneko 6. taula).

Azkenik, EFSAk, 36. artikuluko erakundeekin elkarlanean, hainbat proiektu abiarazi ditu arrisku emergenteak identifikatzeko datu eta metodologiak biltzeko:

  • Arrisku emergenteak aztertzeko plataforma.
  • Elikagai-/pentsu‑iturri berriak eta ekoizpenerako teknologia berritzaileak.
  • Mikroplastikoak eta nanoplastikoak elikagaietan.
  • Ekonomia zirkularra.
  • Arrisku emergenteak areagotzen dituen elikagaien iruzurra ebaluatzeko esparrua.

Gomendioak

Arrisku emergenteak identifikatzeko esparrua osatzeko aintzat hartu behar diren beharrezko baliabide eta informazio‑iturri guztiak kontuan hartuta, EFSA-EREN-StaDG-ER triangeluan oinarritutako EFSAren egungo eredua birplanteatu beharko litzateke, modu horretan, ERIen ardura duten Europako zein nazioarteko kideek azterketa‑sistema zabalago bat osa dezaten.