Txosten honek EFSAk nahitaez aitortu beharreko zortzi zoonosi kasuei buruz jakinarazitako datuak biltzen ditu, baita hain arruntak ez diren baina jarraipena egin behar zaien beste gaixotasun batzuei buruz ere (adib.: Mendebaldeko Niloko birusa).

2018an, gizakietan gehien izandako bi zoonosiak gaixotasun gastrointestinalak izan ziren: campylobakteriosia (246.571 kasu) eta salmonellosia (91.857).

2013ra arte, gizakietan baieztatutako campylobakteriosiaren kasuen kopurua handitu egin zen, salmonellosienak jaitsi egin ziren bitartean; nolanahi ere, 2014-2018 aldian, bi gaixotasunen kopurua egonkortu egin da.

Salmonella

Ez da aldaketarik izan Salmonella enteritidis bakteriak eragindako giza salmonellosien kasuen kopuruan, eta EBn elikagaiek eragiten dituzte bost intoxikazio kasuetatik bat.

2018an, 16 estatu kidek etxeko hegaztietan Salmonella murrizteko helburu guztiak bete zituzten; hamaikak, aldiz, ezin izan zituzten ezarritako helburuetako bat edo gehiago bete.

Salmonella mota batzuen prebalentzia egonkortu egin da azken urteetan oilo ugaltzaileetan, oilo erruleetan eta gizentzeko oilo eta indioilarretan, baina ez da hori gertatu indioilar ugaltzaileetan, prebalentziak gorabeherak izan baititu.

Salmonellaren prebalentzia kontrol-programa nazionaletan aztertutako txerri-kanaletan eta etxeko hegaztietan handiagoa izan zen elikagai-enpresek eurek eginiko autokontroleko analitiketan aurkitutakoak baino.

Alde horien arrazoiak ikertu egin beharko dira; izan ere, kontrol-programa nazionalak ondo ezartzea funtsezkoa da Salmonellaren prebalentzia murrizteko.

E. coli STEC

Gehien hauteman den hirugarren zoonosia Escherichia coli STEC-k eragindakoa izan zen. Bakteria horrek eragindako infekzioak kutsatutako haragia eta iturrietako/putzuetako ura kontsumitzearekin lotu ohi dira.

EBn, STEC bakteriak gizakietan eragindako kasuen kopurua 2014an 5.901 kasu baieztatu izatetik, 2018an 8.161 izatera iritsi da.

Yersinia

Yersiniak eragindako infekzioak gutxi egindako haragia kontsumitzearekin lotuta egon daiteke. Hain zuzen, horixe izan zen gizakietan gehien hauteman dem laugarren zoonosia.

Listeria

Listeriak eragindako infekzioen kasu baieztatuen kopuruak handitzen jarraitu zuen 2018an. “Kontsumitzeko prest dauden elikagaiak” dira sarrien erlazionatzen direnak zoonosi horrekin, nahiz eta aurten eginiko analitiketan, bakteriaren mailak muga seguruen barruan izan diren arren kasu gehienetan.

Mendebaldeko Niloko birusa

Mendebaldeko Niloko birusaren eraginezko infekzioak asko handitu zirela jakinarazi zen (1.605 kasu) 2018an, 2017ko datuaren aldean (212 kasu). Gaixotasun hori udan eta udazkenean agertu ohi da nagusiki, eta birusa eltxoen hozkaden bidez transmititu ohi da.

Zerikusia duten elikagaiak

Arrautzetako eta haren eratorrietako salmonellak izaten jarraitzen du EBko kontsumitzaileentzako elikadura-intoxikazioen arriskuetako ohikoenetako bat.

2018an, arrautzek transmititutako 121 salmonellosi agerraldi erregistratu ziren, 1.801 kaltetu izan zituzten, 341 kontsumitzaile ospitaleratu eta bi hildako.

Osagai asko dituzten platerak ere, hala nola arroz-platerak eta currya, elikagaiek transmititutako zoonosien iturri garrantzitsua dira.

Nabarmentzeko moduko beste iturri bat dira barazkiak eta zukuak (Listeria monocytogenes), esnea eta esnekiak (Campylobacter eta STEC) eta itsaskiak (Norovirus).