EFSAren CONTAM taldeak, azken zientzia-ebidentzia kontuan izanda, eguneratu egin du elikagaietako nikelari buruzko bere iritzi zientifikoa, bereziki, landareei dagokienez. Oraingoan, edateko ura ere sartu du.

Esposizio kronikoa

Nikelaren eragin kronikoak ebaluatzeko, esperimentaziorako animalien ugalketan eta garapenean duen toxikotasunaren efektu kritikoa hartu zen aintzat. Horren arabera, EFSAk honako Eguneko Ingestio Toleragarri hau ezarri du (EIT): 2,8 µg Ni/gorputz-pisuaren kg/egun, 0,28 mg /gorputz-pisuaren Kg BMDL10 erreferentziazko dosi baterako. Dosi horiek arratoietan ezarri ondoren fetua galtzen dute. Konfiantza-maila % 95etik beherakoa da.

 

Aintzat hartuta erreferentziazko balio horiek, gaur egungo nikelarekiko dieta-esposizioak kezka sortzen du, kontuan hartuta adin-talde guztietarako batez besteko esposizio kronikoaren mailak eta 95 pertzentilaren mailak.

Esposizio akutua

Nikelaren eragin akutuak ebaluatzeko, konposatu horrekiko sentikorrak diren pertsonetan eragindako ukipen-dermatitis sistemikoaren (aho-esposizioaren ondoren) efektu kritikoa hartu da aintzat. Pertsonentzat BMDL10 baxuagoa hautatu zen: 1,1 µg Ni / gorputz-pisuaren kg.

 

CONTAM taldeak esposizio-marjinaren ikuspuntua aplikatu zuen eta 10eko MOEa hartu zuen osasun-arazoaren adierazletzat. Aintzat hartuta zenbatetsitako batez bestekoa eta 95 pertzentila, esposizio akutuaren mailak 10 baino askoz txikiagoak izan ziren adin-talde guztietan.

 

CONTAM taldeak ondorioztatu zuen nikelarekiko egungo elikagai-esposizio akutuaren mailak kezka sortzen duela konposatu horrekiko sentsibilizatuta dauden pertsonek exazerbazio ekzematosoko azal-erreakzioak izan baititzakete.

Gomendioak

CONTAM taldeak adierazi zuen beharrezkoa dela azterketak egitea esperimentaziorako animalietan hautemandako ugalketa- eta garapen-efektuek gizakietan duten garrantzia ebaluatzeko. Baita gizakiek elikagaietako nikela xurgatzeari buruzko azterketa gehigarriak ere; adibidez, dieta bikoiztuari buruzko azterlanekin batera.