Kontrol ofiziala: establezimenduen arriskuaren araberako sailkapena
AESANen Batzorde Zientifikoak AESANek berak eta autonomia-erkidegoek elikadura-establezimenduak arriskuaren arabera sailkatzeko egin duten proposamena baloratzen duen zientzia-irizpena argitaratu du. Proposamenaren helburua ikuskapenak egiteko lehentasun-ordena ezartzea da, eta batzordeak zenbait gomendio eman ditu horren harira.
Batzorde Zientifikoari egindako mandatua
Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak (AESAN) eta autonomia-erkidegoek “PNCOCA 2021-2025 planaren esparruan elikadura-establezimenduak arriskuaren arabera sailkatzeko orientazio-dokumentua” sortu dute. Dokumentuaren helburu nagusia da elikadura-establezimenduen arriskua baloratzeko eta kategorizatzeko sistema erkide bat ezartzea, oinarrizko arrisku-irizpide batzuk finkatuta, eta arriskuaren balorazio objektiboa egitea, estandarizatutako baremo batzuei jarraikiz.
AESANek bere batzorde zientifikoari eskatu dio dokumentua baloratu eta ekarpenak egiteko, arrisku-irizpideei, arriskuaren balorazioari eta arriskuaren araberako establezimenduen kategorizazioari dagokienez.
Arrisku-irizpideak
AESANek eta autonomia-erkidegoek sortutako dokumentuan hainbat irizpide ezartzen dira, eta bi motatakoak izan daitezke: orokorrak ala espezifikoak.
Irizpide orokorrak establezimendu bakoitzari berezkoak zaizkionak dira. Hala, ez dira denborak aurrera egin ahala aldatzen, eta ondorioz, establezimendura bertaratu gabe ebalua daitezke. Honako hauek dira:
- Elikagai mota eta aurreikusitako erabilera
- Establezimenduaren jarduera
- Merkaturatze-esparrua
- Enpresaren tamaina
Ostera, irizpide espezifikoak funtzionamenduaren, azpiegituraren eta elikagaien segurtasunaren kudeaketaren araberakoak dira. Zehazki, honako hauekin daude lotuta:
- Erregistroa eta baimena
- Establezimenduan egindako azken kontrol ofizialaren emaitzak: ikuskapena edo auditoretza
- Enpresaren historia, lankidetza eta ez-betetzeen aurrean hartutako neurriak
Batzorde Zientifikoaren gomendioak
Batzorde Zientifikoak ondorioztatu du orientazio-dokumentua egokia dela aurreikusitako helburua betetzeko; alabaina, aldizka eguneratzeko gomendatu du, berau aplikatzetik eskuratutako esperientziaren, ezagutza zientifikoen aurrerapenaren, legeria-aldaketen eta Europak ikuskapenen maiztasunetan lehentasunak ezartzearen arloan ematen dituen jarraibideen arabera.
Gainera, Batzorde Zientifikoak beste irizpide batzuk ere proposatu ditu, besteak beste: establezimenduak autokontrol-sistemara eta higiene- eta maneiu-jardunbide egokietara atxikita egotea eta establezimenduan bertan langileei emandako prestakuntzaren egokitasuna.
Halaber, Batzordeak pilotatze-fase bat egiteko gomendatu du, hautatutako irizpideak aldatzea eragin dezaketen balizko zailtasunak hautemate aldera.