FAO/OMEk Arrisku mikrobiologikoen ebaluazioa sortaren txosten berria argitaratu du, eta bertan laburbildu egiten da elikagaietan dauden parasitoei eta horiek osasun publikoan duten eraginari buruzko ezagutza.

Txosten berri honetan aurkeztu egiten dira elikagaien bidez transmititutako parasitoei buruzko munduko ranking baten emaitzak, Elikagaien Segurtasunaren ikuspegitik. Horretarako, honako irizpide hauetan oinarritutako leheneste-metodologia sortu da: gaixotasunaren kopurua eta banaketa munduan, morbilitate larria eta kronikoa, gaixotasunaren zati kronikoa, hilkortasuna, gaixotasuna areagotzea, garrantzia nazioarteko merkatuan eta eragin sozio-ekonomikoa. Irizpide horietako bakoitzak eragin jakin bat du azken sailkapenean.

Aintzat hartu behar da hori sailkapen puntuala dela, egin zenean zegoen informazioarekin egindakoa, eta munduari dagokiola; beraz, interesgarria da tokian, eskualdean eta/edo estatuan errepikatu ahal izatea, sailkapen berriak egiteko eta, batez ere, kudeaketa-aukerak lehenesteko.

Lan hori egiteko, hasiera batean 93 parasito erabili ziren, eta horietatik, azkenean, 24 sartu dira lehentasunen zerrendan. Munduan garrantzi handiena duten parasitoa-elikagaia konbinazioetako lehenengo hamarrak honako hauek dira:

  1. Taenia solium – Txerri-haragia
  2. Echinococcus granulosus – Produktu freskoak
  3. Echinococcus multilocularis – Produktu freskoak
  4. Toxoplasma gondii – Hausnarkari txikien haragia eta erraiak (txerria, behia, adarzabala)
  5. Cryptosporidium spp. – Produktu freskoak, fruta-zukua, esnea…
  6. Entamoeba histolytica – Produktu freskoak
  7. Trichinella spiralis – Txerri-haragia
  8. Opisthorchiidae – Ur gezako arrainak
  9. Ascaris spp. – Produktu freskoak
  10. Trypanosoma cruzi – Fruta-zukuak

Azkenik, txostenean kudeaketa-aukera egokienen inguruko zenbait gomendio ematen dira, arriskuen kudeatzaileentzat, Codex Alimentariusaren Batzordearentzat, gobernu eta agentzia erregulatzaileentzat, elikagaien ekoizleentzat eta elikagaien bidez transmititutako parasitoen eta horiek elikagaien segurtasunean eta osasun publikoan duten eraginari buruzko interesa duen beste edozein erakunde edo pertsonarentzat.

Txosten osoa