2002ko apirilean, akrilamidaren kopuru handiak atzeman ziren elikagaietan. Nolanahi ere, oraindik ez da argitu konposatu horrek giza osasunean duen eragina. Hori dela eta, Arriskuak Balioztatzeko Alemaniako Institutu Federalak (BfR) aztertu egin du gaur artean eskura zuen informazio guztia, eta esposizioa zenbatetsi du. Horretarako, aintzat hartu ditu akrilamida kopuruari eta elikagaien kontsumoari buruzko gaur egungo datuak.

Zenbait azterlan toxikologiko eta epidemiologiko aztertu eta esposizioa zenbatetsi ostean, BfRk honako ondorio hauek atera ditu:

  • Ez dago nahiko daturik akrilamidaren kartzinogenotasunaren inguruan. Saguetan genotoxikoa eta kartzinogenoa dela egiaztatu bada ere, oraindik ezin izan dute aurkitu muga toxikoa gizakientzat.
  • Ezin da ez baieztatu, ez ukatu akrilamidaren eta minbiziaren artean lotura dagoenik, orain arte egin diren azterlan epidemiologikoak ez baitira batere sendoak.
  • Akrilamidaren benetako ingesta zenbatekoa den balioesteko, hobe litzateke odolean eta gernuan atzematen diren biomarkagailuetan oinarritzea, elikagaietako akrilamida mailan eta kontsumoan oinarritzea baino.

Halaber, BfRk Alemaniako herritarren akrilamidarekiko esposizioa aztertu du. Azterlan horretan ondorioztatu du akrilamida kopuru handiko elikagai ugari kontsumituz gero, badagoela arrisku txikia, eta arrisku hori aintzat hartu beharrekoa dela.

Azkenik, institutuak gomendatu du ahalegina egitea akrilamida kopurua murrizteko prozesatutako elikagaietan, eta kontsumitzaileek ekidin egin behar dutela oso txigortuta dauden elikagaiak jatea; izan ere, horietan atzematen da akrilamidaren kontzentrazio-maila handiena. Horrez gain, gomendatu du produktuen ontzietako oharrei jarraitzea.

Artikulu osoa