ElikaArrisku Kimikoak Ebaluatzeko OMEko Sarearen bileran parte hartu du, ekainaren 20tik 22ra, EFSAren instalazioetan, Parman. Hiru egunean, 39 herrialdetako erakundeetako 63 parte-hartzailek arrisku kimikoen ebaluazioarekin lotutako esperientziak, ikertzeko beharrak eta martxan dauden lanak partekatu dituzte.

who

Sarea

Sarearen xedea da mundu osoan arrisku kimikoak ebaluatzen jarduten duten erakundeei elkarrekin lanean aritzeko bide ematea. Aurreneko bilera Parisen egin zen, 2014an, eta honako helburu hauek ezarri ziren:

  • Ezagutza zientifiko eta teknikoak trukatzeko foro bat eratzea
  • Arrisku kimikoen ebaluazioaren inguruko prestakuntzan laguntzea
  • Praktika egokiak sustatzea eta metodologia bateratzea
  • Ikertzeko beharrak identifikatzea eta arriskuen ebaluazioan zientzia berria aplikatzea
  • Giza osasunerako arrisku kimiko emergenteak identifikatzea
  • Lan-programei buruzko informazioa partekatzea, lan berbera behin baino gehiagotan egin ez dadin

Parmako bilera, 2017ko ekaina

Bigarren bilera honen helburua izan da sarea sortu zenetik egindako lana berrikustea eta partekatzea, batetik, eta hurrengo urteetarako erronka eta urrats berriak identifikatzea, bestetik.

Zientzia-saioak, martxan zeuden jardueren aurkezpenak eta Sareak etorkizunean gauzatu beharreko lanei buruzko eztabaida-taldeak egin ziren. Honako gai hauek jorratu ziren nagusiki:

  • Prestakuntzarako estrategia
  • Hainbat substantziarekiko esposizio konbinatua
  • Giza biomonitorizazioa
  • Arrisku berri eta emergenteen identifikazioa
  • Zientzia-ikuspegi berriak eta ikuspegiok araudian aplikatzeko modua

Parma

Parma

Hurrengo urratsak

Bileran, era berean, proiektu eta lan-arlo berriak identifikatu ziren, besteak beste:

  • Arrisku emergenteen identifikazioan lan egitea
  • Interesa pizten duten substantzia kimikoak lehenesteko tresnak garatzea
  • Arriskuak ebaluatzeko metodologia aplikatzeko gidak egitea, erabakien ikuspegiak barne, eta aztertutako kasuak eta protokoloak partekatzea
  • Prestakuntza-jarduerak egitea eta esperientziak partekatzea, metodologia berria eta tradizionala aplikatuz
  • Arriskuen ebaluazioan biomonitorizazioko datuak erabil daitezela sustatzea
  • Praktiken komunitate bat osatzea, gaur egungo metodologia bateratzeko
  • Esposizio konbinatuarekin lotutako esperientziak partekatzen jarraitzea
  • Arriskuen komunikazioa sarearen jardueren artean sartzea

Bileraren txosten osoa 2017aren amaieran kaleratuko da Sarearen webgunean. Atari horretan, gainera, martxan dauden lanen nondik norakoen berri emango da.