FSAk elikadura-alergiei eta -intolerantziei buruzko bosgarren txosten zientifikoa argitaratu du. Bertan, alde batetik, alergiei eta intolerantziei buruzko informazio erraza eta grafikoa ematen du: besteak beste, zein eragin duten, zein elikagai diren alergenikoak, nola transmititzen diren, eta zein zainketa hartu behar diren kontuan. Horrez gain, alergia eta intolerantzia horiei buruzko zenbait herri-sinesmen desmitifikatzen ditu.

Beste alde batetik, aholkularitzarik onena bermatzeko ebidentzia zientifiko handienarekin egin diren azken ikerketak zehazten ditu, eta zenbait jarraibide eta aholku ematen ditu arriskua ebaluatzeko eta kudeatzeko.

Elikadura-alergiak eta -intolerantziak kezkagarriak dira FSArentzat; izan ere, Britainia Handiko haurren % 8ri eta helduen % 2ri eragiten diete. Elikadura-kontsumoarekin lotuta ospitaleratu direnen bi heren elikadura-alergien eta intolerantzien ondorioz ospitaleratu dira, eta 10 pertsona hiltzen dira urtean alergia-erreakzio larri baten ondorioz.

2014ko abenduan, birformulatu egin zen elikadura-industriak elikagaietan alergenoei buruzko informazioa emateari buruzko legea, kontsumitzaileek errazago identifika ditzaten alergenoak elikagaiak erostean edo etxetik kanpo jaten.

Orduz geroztik, FSAk diziplina askotan egiten du lan, elikadura-industriekin, medikuekin, akademikoekin eta gaixoekin lankidetzan, elikadura-alergiek eta -intolerantziek eragindako kasu larriak murrizte aldera.