Memoria honetan, Gipuzkoako Epidemiologia Unitateak 2017an egindako jardueren informazio epidemiologikoa aurkezten da.

Hona hemen txostenaren ondorio nagusiak:

AREAGOTU EGIN DIRA

Campylobacter

SIM erakundeari campylobacter patogenoaren 992 isolamendu jakinarazi zitzaizkion, 2016an baino zertxobait gehiago (946).

Elikagairik kutsatuenak oilasko- eta indioilar-haragia izan dira.

Baliteke oilasko-haragia erabiltzeak, prestatzeak eta kontsumitzeak eragin izana gizakien campilobacteriosi kasuen % 20-30 artean; kasuen % 50-80 artean, berriz, oilaskoak izan dira patogenoaren gordailu.

 


Norobirusa

2017an, DUOko Mikrobiologia Zerbitzuak 992 norobirus kasu jakinarazi zituen; zifra horrek gainditu egiten ditu urte horretako salmonella, campylobacter eta rotabirus isolamenduak.

Aurten, 10 norobirus agerraldi jakinarazi dira (joan den urtean 5 izan ziren). Gehienak gerontologia-zentroetan gertatu dira; beste bat eskolako ikasleentzako aterpetxe batean, eta beste bat komunitatera hedatu zen (agerraldiei buruzko atalean azalduko da).

MURRIZTU EGIN DIRA

E. coli berotoxigenikoa

2017an, E. coli berotoxikogenikoaren 18 isolamendu jakinarazi zitzaizkion SIMi (dena dela, horietako kasu bat ez zegokion Gipuzkoari). Kasu guztietan E. coli O157 H7 identifikatu zen, kasu batean izan ezik (O111 zen).

Aurreko urtean 22 jakinarazpen egin ziren.

 


Listeriosia

2017an, Gipuzkoako Epidemiologia Unitateari 8 listeriosi kasu jakinarazi zitzaizkion (7 DUOk jakinarazi zituen, eta 1, berriz AUOk).


Salmonellosia

2017an, SIM erakundeari salmonellaren 214 isolamendu jakinarazi zitzaizkion, eta, hala, mantendu egin da azken 14 urteetako beheranzko joera.

Elikagaien toxi-infekzio agerraldiak

2017an, ura edo elikagaiak jatorri izan zitzaketen 8 agerraldi jakinarazi ziren.

KALTETUAK

339 pertsonari erasan zieten, eta guztira 4 pertsona ospitaleratu ziren.

Pertsona horien % 76i norobirusak eragindako komunitate-agerraldiak erasan zien.

JATORRIA

6 agerraldi ostalaritzan izan ziren, eta beste 2, berriz, komunitate-arlokoak.

Komunitate-arloko 2 agerraldiak udalerri berean izan ziren; kasu batean campylobacter izan zen, eta bestean, norobirusa.

AGENTE ERAGILEA

8 agerraldietatik 6tan identifikatu zen. 3 agerralditan, agente eragilea norobirusa izan zen (kasu batzuetan, hornidura komuneko ura izan zen infekzioaren bitartekoa).

Kasu batean, agente eragilea toxina estafilokozikoa izan zen, eta elikagai eroalea, berriz, gazta.

Komunitateko agerraldi batean, Campylobacter jejuni izan zen agente eragilea, eta susmatzen da elikagai eroalea oilasko-haragia izan zela.

Bestalde, jatetxe batean onddo toxikoa kontsumitzeak beste agerraldi bat eragin zuen.

Zoonosiak

2017an, Q sukarraren 23 kasu jakinarazi ziren Gipuzkoan, hau da, joan den urtean baino 12 gutxiago. Beraz, tasa gordina 100.000 biztanleko 3,24koa izan zen; horietatik 13 gizonak ziren, eta 10, berriz, emakumeak (22 eta 73 urte artean). Kopuru eta tasarik handiena 35-64 urtekoen artean egon zen.