FAOko adituek mikrobiomek elkarren artean eta ingurunearekin elkarreragiten duen ekosistema dinamiko gisa duten garrantzia azpimarratzen duten lau txosten egin dituzte, pertsonen, animalien, landareen  eta planetaren osasunarekin zerikusia duten gaiak azaltzeko.

 

Txosten horiek mikrobiomari buruzko eztabaida zientifikoa sortu eta eztabaida horretan ekarpena egin nahi dute, ekosistema horiei buruzko ikerketa sistematikoan esparru harmonizatuago baten beharra identifikatzeko, elikagaien segurtasunean eragin handia baitute.

Mikrobiomak landare, animalia, lurzoru, baso, ozeano eta gizakietan daude. Haien osaera eta eginkizunak asko aldatzen dira espazioan eta  denboran zehar. Sekuentziazio genomikoari esker, hesteetako mikrobiomaren eredu jakin batzuk identifikatu dira, osasunarekin eta nutrizioarekin lotuta egon daitezkeenak, hala nola hazkuntza atzeratua, obesitatea eta gehiegizko pisua, eta ezagutza- eta immunologia-funtzioak.

 

Argitalpen berri horietatik hiru pestiziden hondakinek, albaitaritzako sendagaiek eta mikroplastikoek elikagaien segurtasunean izan dezaketen eraginari buruzko azterketa zientifikoak dira. Laugarren txostenak lurzoruaren osasuna du ardatz eta One Health ikuspegia proposatzen du mikrobiomak aztertzeko.

Plagiziden hondakinak

Pestiziden hondakinen eraginak hesteetako mikrobioman eta giza osasunean” izeneko txostenean, pestiziden hondakinen maila baxuekiko esposizioak hesteetako mikrobioman eta osasunean epe luzera duen eraginaren azterketa sistematikoa egiten da. Nahiz eta ebidentzia zientifikoa oso mugatua den, ikusi da karraskariekin egin diren ereduetan pestizidekiko esposizioak nahasmenduak eragin dituela hesteetako mikrobioman eta animalien homeostasian.

Honako ikerketa-eremu berri hauek identifikatu dira: bakterioak ez diren mikroorganismoei, birusei adibidez, pestizidekiko esposizioak nola eragiten dien aztertzeko beharra; azterlanak zabaltzea, produktu komertzialen beste ko‑formulatzaile batzuk sartuta; eta zenbait pestizidak labore berean dituzten efektu metagarrien eta konbinatuen eragina.

Albaitaritzako sendagaien hondakinak

Albaitaritzako sendagaien hondakinen eraginak hesteetako mikrobioman eta giza osasunean” izeneko argitalpenean, agerian uzten da sendagaiek duten interesa; izan ere, ikerketa batzuen arabera, gizakiek ahotik hartzen dituzten produktu farmazeutikoen gutxi gorabehera bi heren gutxienez hesteetako bakterioen andui batek metabolizatzen ditu, eta hesteetako mikrobiotako geneen transferentzia-tasa beste ingurune batzuetakoa baino 25 aldiz handiagoa da. Hala ere, aztertutako ikerketa gehienen irismena klinikoa da eta horien ardatza ez dira albaitaritzako sendagaiak.

Txostenak, besteak beste, etorkizuneko ikerketa sistematikoagoa nola egin behar den deskribatzen du, eta azpimarratzen du luzetarako azterketa gehiago egin behar direla eta mikrobiomarekin lotutako biomarkatzaileak definitu eta baliozkotu behar direla, bai eta helburu nagusiak kausalitatea zehaztea izan behar duela ere.

Mikroplastikoak

Mikroplastikoen eraginak hesteetako mikrobioman eta giza osasunean, elikagaien segurtasunaren ikuspegitik” izeneko argitalpenean, agerian uzten da oso literatura zientifiko gutxi dagoela partikula horiek hesteetako mikrobioman izan ditzaketen eraginei buruz. Zenbait ikerketa egin dira uretako animaliekin eta lurzoruekin, eta haien arabera, elikadura-katean eragina izan dezakete.Halaber, partikula horiek gainazaleko kutsatzaileak xurga ditzakete eta bektore patogenoen eta mikrobioen aurkako erresistentzien eramaile gisa jardun dezaketen biofilmak ostata ditzakete, eta hori oso kezkagarria da.

Txostenak  ezagutza-mailan dauden hutsuneak aipatzen ditu, eta, aldi berean, arrisku hori ebaluatzen eta arauzko erabaki sendoagoak hartzen laguntzeko ikerketa-beharrak identifikatzen ditu.

Lurzoruak

Nature Microbiology-n argitaratutako azken azterlanak (“Lurzoruko mikrobiomak One Health politikan sartu behar dira esplizituki”) nabarmentzen du oso konplexua dela lurzoruetako mikrobiomak ulertzea eta elikagaien segurtasunarekin lotura dutela erakusten du; izan ere, biodibertsitate txikia duten mikrobiomak gaixotasunak sor ditzaketen eragileak hazi, landare eta fruta jangarrietara transferitzearekin lotu izan dira, hala nola sukar tifoidea.

Argitalpen horretan ibilbide-orri bat proposatzen da, lurzoruetako mikrobiomak One Health (osasun bakarra) ikuspegian sartzeko. Neurri nagusi gisa, azpimarratu da ezagutza-zentroen sare bat izan behar dela lurzoruetako mikrobiomari buruzko datuak (besteak beste, giza patogenoekin, kutsatzaileekin eta antimikrobianoekiko erresistentziarekin lotutako datuak) biltzeko, biltegiratzeko eta txertatzeko.