FAOk dokumentu bat aurkeztu du, zeinetan jarraibide batzuk jasotzen baitira mikrobioen aurkako erresistentzien arazoa lantzeko eta horiei buruzko kontzientzia sortzeko estrategiak formulatzeko eta zabaltzeko prozesua gidatzeko.

Dokumentua bi unitate osagarritan dago egituratuta: lehenengoan, kontzeptu-esparrua ezartzen da, eta bigarrenean, berriz, mikrobioen aurkako erresistentziei buruz kontzientziatzeko estrategia garatzeko metodologia-esparrua, “osasun bakar bat” ikuspegiarekin.

Kontzeptu-esparrua

Unitate honetan, agerian jartzen da komunikazioa garrantzitsua dela jokabide-aldaketa bat eskatzen duen edozein esku-hartze estrategiaren helburuak lortzeko.

Era berean, mikrobioen aurkako erresistentzien arazoa aurkezten da, zeina gero eta handiagoa baita, eta haren kausak azaltzen dira, bai eta osasun publikoan eta nekazaritzako elikagaien sistemaren jasangarritasunean duen eragina ere.

Metodologia-esparrua

Atal honetan, kontzientziazio-estrategiaren prozesua proposatzen da. Horretarako, modu sekuentzialean antolatutako 8 pausok osatutako ibilbide bat garatuko da. Jarraian zehazten ditugun zortzi pauso hauetako bakoitzean, tresna metodologikoak eta adibide aplikatuak jasotzen dira:

  1. Arazoa definitzea.
  2. Zein sektoretan eragin behar den definitzea.
  3. Helburuak ezartzea.
  4. Komunikazio-kanalak hautatzea.
  5. Ideia eta mezu nagusiak egitea.
  6. Ekintza-ildoak eta araudia definitzea.
  7. Lan-plana sortzea.
  8. Monitoretza eta ebaluazioa.

Azkenik, eranskinetan, mikrobioen aurkako erresistentziak komunikatzeko estrategia hau garatzeko baliabide grafikoen eta ikus-entzunezko baliabideen zerrenda bat jasotzen da.