Arriskuen analisiaren komunikazio hobetua: azken txostena
EFSAk ENCOMRAN proiektuaren azken txostena argitaratu du, arriskuen analisiaren testuinguruan komunikazioa hobetzeari buruzkoa. Horren emaitzak oinarri gisa erabili dira orientazio-dokumentua sortzeko. Txostenaren amaieran arriskuen analisiaren prozesuan zehar arriskuen ebaluazioaren eta kudeaketaren arteko komunikazioa estuagoa izan dadin gomendioak adierazten dira.
Helburuak
Hauek izan ziren proiektuaren helburuak:
- EBko estatu kideen mailan elikagaien eta pentsuen arriskuen analisiaren barne interakzioak jasotzea eta deskribatzea, arriskuen kudeatzaileek eta ebaluatzaileek hautematen dituzten moduan.
- Komunikazioaren eta prozeduren oinarrizko urratsak seinalatzea, identifikatutako oztopoak gainditzeko.
- Ikasitakoak komunikazioan lagun dezakeen dokumentu batean laburtzea.
Proiektuan Europako herrialdeetan arriskuen ebaluazioa (kop.=55), arriskuen kudeaketa (kop.=31), eta biak (kop.= 9) egiten dituzten pertsonei inkesta telematikoa egin zitzaien.
Emaitzak
Emaitza nagusien artean hauek nabarmentzen dira:
- Komunikazioak irekiagoa, ohikoagoa, informalagoa eta feedback askokoa izatea, ebaluazioaren eta arriskuen kudeaketaren artean konfiantza sortzen duena.
- Ebaluazioaren eta kudeaketaren arteko interakzioan dauden oztopoak aintzat hartzearen garrantzia, eta, batez ere, prozesu zientifikoan independentzia nola interpretatzen den.
- Denboraren kudeaketa funtsezko faktorea da, batez ere arriskuen ebaluazio luzeenetan.
Txostenean ez da beste batzuk baino hobea den antolakuntza-eredurik identifikatzen; aitzitik, ondorioztatzen da garrantzitsua dela arriskuen analisiko etapetan komunikazio‑maila aproposari buruzko orientazio integrala ematea, eta, areago, arriskuen ebaluazioan independentzia eta gardentasuna bermatzeko beharrezko urratsei buruzkoa.