FSAk laugarren “Food & You” inkestaren emaitzak argitaratu ditu. Inkesta bi urtean behin egiten da, eta helburu du aztertzea, alde batetik, Erresuma Batuko kontsumitzaileek nola jokatzen duten eta zenbaterainoko ezagutza duten elikagaiak erostean, biltegiratzean, prestatzean eta kontsumitzean, eta, bestetik, zein diren haien Elikadura Segurtasunari eragiten dioten faktoreak.

Azterlana 2016ko maiatzetik eta irailera bitartean egin zen, eta Ingalaterrako, Galesko eta Ipar Irlandako 16 urtetik gorako 3.118 kontsumitzaileren iritziak jaso zituen.

 

Emaitzak:

  • Inkestan parte hartu zuten pertsonen artean, hamarretik zortzik baino gehiagok higiene-jarrera egokia zuten gomendatutakoa kontuan hartuta: egiaztatu zen eskuak garbitzen zituztela elikagaiak prestatzen hasi aurretik (% 86) eta haragi, hegazti edo arrain gordina manipulatu eta berehala (% 87).
  • Inkestan parte hartu zutenen % 75 bat zetozen iraungitze-datak adierazten duela elikagaiak kontsumitzeko seguruak direla.
  • Inkesta erantzun zutenen % 58ek zioten haragia edo arraina desizozteko gehien erabiltzen zuten metodoa giro tenperaturan desizoztea zela. FSAk ez du metodo hori gomendatzen; izan ere, janaria desizozteko modurik egokiena tenperatura hotzean desizoztea da, hau da, hozkailuan.
  • Inkestan parte hartu zutenen % 72k zioten establezimenduaren garbiketa eta higienea garrantzitsua zela haientzat, baina inkesta erantzun zutenen herenek (% 30) baino ez zuten uste higienea zela etxetik kanpo jatean erabakitzeko faktorerik garrantzitsuena.
  • Alergiei edo intolerantziei dagokienez, honako hauek izan dira noizbait erreakzio alergikorik edo intolerantziarik eragin dieten elikagairik ohikoenak: behi-esnea eta esnekiak (% 22), glutena duten zerealak (% 13) eta moluskuak, esate baterako, muskuiluak eta ostrak (% 11).
  • Inkesta bete zutenen % 44k adierazi zuten elikadura-intoxikazioren bat izan zutela (hau bat dator aurreko hiru inkestekin).
  • Inkestan parte hartu zutenen % 43k adierazi zuten azken hamabi hilabeteotan gutxienez aldaketa bat egin dutela beren erosketetan edo janarian, arrazoi ekonomikoak direla eta: % 20k esan zuten eskaintzan zeuden produktuak erosi zituztela, % 18k erosteko lekua aldatu zuela eta prezio merkeagoak zituen beste alternatiba batzuk bilatu, eta % 17k adierazi zuten gutxiagotan jaten zutela etxetik kanpo.
  • Inkesta erantzun zutenen herenek (% 34) esan zuten beti zutela konfiantza elikagaien etiketako informazioan edo jatetxeetako menuan. Erdiek (% 52), ordea, gehienetan zuten konfiantza informazio horretan. % 3k bakarrik esan zuten gutxitan sentitzen zirela seguru edo inoiz ez zirela seguru sentitzen.