Australia eta Zeelanda Berriko Elikagaien Segurtasunerako Agentziak (FSANZ) ikerlan bat egin du, ikusteko ea zenbatekoak diren eguneko ingesta onargarriaren (EIO) balioak kutsatzaile kimiko perfluoroalkilatuen (PFAS) eraginpean egon daitezkeen pertsonentzat. Konposatuok 50eko hamarkadaz geroztik erabili izan dira industriako prozesuetan, etxeko ohiko produktuetan eta suteen kontrako apar-mota batzuetan.

2016ko ekainean, Australiako Gobernuko Osasun Sailak edateko eta jolas-erabilerarako uraren erreferentziazko balioak berrikusi zituen, eta EFSA Europako Elikagai Segurtasunaren Agintaritzaren gidan oinarritutako behin-behineko balio batzuk gomendatu.

EIO

Horren harira, FSANZek dietaren bitartez kutsatzaile horiekiko zenbateko arriskua eta esposizioa egon daitekeen aztertu du, eta EIOren beste balio batzuk ezarri ditu, 2016an ezarritako behin-behinekoak baino apalagoak:

·         Sulfonato perfluorooktanoa (PFOS): 20 – 300 ng / kg gm / egun

·         Azido perfluorooktanoikoa (PFOA):  20 – 1.500 ng / kg gm / egun

EIOren balio horiek erakusten dute zenbat PFAS egon daitekeen egunero kontsumi daitezkeen eta kontsumitzailearen osasunerako arrisku nabarmenik ez dakarten elikagaietan edo edateko urean.

Agentziak azaldu duenez, balio berriok gertuago daude Estatu Batuetako Ingurumena Babesteko Agentziak ezarritako balioetatik, eta horrek segurtasun-tarte zabala ematen du osasun publikoaren arloan. Gainera, agentziaren esanetan, ez dagoenez ebidentzia sendorik PFASekiko esposizioak giza osasunerako ondorio kaltegarriak dakartzala frogatzeko, EIO berri hauek arretazko neurritzat jo dira.

Dena dela, dietaren esposizioari buruzko ebaluazio hau lagungarri izango zaie estatuetako zein lurraldeetako gobernuei, gune kutsatuetan elikagai jakin batzuk kontsumitzeari buruzko gomendioak emateko orduan.