Elikagaien Segurtasunerako Britainiako Agentziak (FSA) argitaratu egin ditu 2014ko lehenengo hiruhilekoan Elikagaien Segurtasunaren pertzepzioari buruz eginiko azterlanaren emaitzak. Azterlan hori bi urtean behin egiten du, 2010az geroztik.

Bada, azterlan berri horretan 2.483 kontsumitzaile britainiarren iritziak jasotzen dira, honako bost gai hauen inguruan eginiko inkesta pertsonalen bidez:

  • elikagaien inguruko kezka
  • higiene-arauak ezagutzea errestaurazio-establezimenduetan
  • higiene-ekimen edo -sistema ezarrien berri izatea
  • FSA eta bere ardurak ezagutzea
  • FSAn konfiantza izatea

Lortutako emaitzen artean, honako hauek aipa daitezke:

  1. Hauek dira britainiar kontsumitzaileak gehien kezkatzen dituzten Elikagaien Segurtasunaren arloko gaiak: elikagaien higienea, etxetik kanpo jaten denean (% 36); elikadura-intoxikazioak (% 28) eta elikagaietako gehigarrien erabilera (% 28). Ehuneko horiek zertxobait handitu dira aurreko inkestaren aldean.
  2. Elikaduraren esparru orokorrean, kezka handiena eragiten duten gaiak prezioak (% 51), azukre-kopurua (% 48) eta elikagaietan dagoen gatza (% 47) dira. Ehuneko horiek ere areagotu egin dira, 2013ko emaitzen aldean.
  3. Emakumeek gizonek baino askoz ere interes handiagoa dute, Elikagaien Segurtasunarekin lotutako alderdiei dagokienez.
  4. Inkesta egin dutenen erdiak kezkaturik agertu dira jatetxe, pub, kafe eta eramateko janaria saltzen duten establezimenduetako Elikagaien Segurtasuna dela eta. Bestalde, % 46 kezkaturik dago denda eta supermerkatuetako Elikagaien Segurtasunaren egoerarekin.
  5. Inkesta egin dutenen % 82k ezagutzen ditu erosketa- edo sukaldaritza-establezimenduetako higiene-arauak; hala nola, higiene-ziurtagiriak eta zigiluak.
  6. % 36k ezagutu egiten du “Elikagaien Higienearen Ratio Sistema” (FHRS) eta Ingalaterrako, Galeseko, Eskoziako eta Ipar Irlandako kontsumitzaileen % 54-69k baieztatu du FHRS sistemaren ziurtagiria edo zigilua ikusi duela, establezimenduen higiene-mailak adierazten duena (aurreko azterlanekin alderatuta, ehunekoa nabarmen handiagoa da).
  7. FSAri dagokionez, inkesta egin dutenen kontsumitzaileen % 79k ezagutzen du Agentzia (zertxobait murriztu da, aurreko inkestaren % 82aren aldean). Bestalde, % 61ek uste du FSAk ondo betetzen duela bere lana (aurreko azterlaneko % 58a baino zertxobait gehiago). Halaber, azpimarratu dute agentziaren ardura nagusia dela bermatzea elikagaiak kontsumitzeko seguruak direla (erantzunen % 87).

Azterlana: Elikagaien Segurtasunari buruzko pertzepzioa (FSA 2014)