EFSAk ebaluatu egin du esterigmatozistinak gizakien eta animalien osasunerako dakarren arriskua. Mikotoxina horren patroia aflatoxinen patroiaren antzekoa da, batez ere Aspergillus flavus, A. parasiticus, A. versicolor eta A. nidulans bakterioek eragiten dute eta aleak zein uzta bildu ondoren alez eginiko produktuak kaltetzen ditu.

Guztira 247 elikagai-lagin eta 334 pentsu-lagin aztertu dira, eta ikusi da lagin guztietan aurkitutako maila atzemate- edo kuantifikatze-mugaren azpitik zegoela, 4 pentsu-laginetan izan ezik. Horren ondorioz, Elikakateko Kutsatzaileen Panelak ondorioztatu du datuak oso mugatuak direla gizaki eta animalien dietaren esposizioari buruzko ebaluazio fidagarria egin ahal izateko.

Gizakientzat aho bidezko toxikotasuna nahiko txikia da esterigmatozistinari dagokionez, nahiz eta jomuga-organoak giltzurrunak eta gibela izan. Bestalde, mutagenikoa da ugatz-zeluletan eta bakterio-zeluletan. Nolanahi ere den, esposizioari buruzko daturik ez dagoenez, ezin izan da giza osasunerako arriskua ezaugarritu.

Animaliei dagokienez, mikotoxina hori hepatoxikoa da hegazti eta txerrietan, nefrotoxikoa hegaztietan eta toxikoa zenbait arrain-espezietan. Kasu horretan, gainera, pentsuei buruzko datu adierazgarririk ez dagoenez, ezinezkoa izan da arriskua ezaugarritzea.

Hori guztia dela eta, EFSAk ondorioztatu du datu gehiago behar direla elikagai eta pentsuetako esterigmatozistinaren kontzentrazioari buruz, esposizioaren ebaluazioa egin ahal izateko. Halaber, gomendatu egin du elikagaietan gutxieneko kuantifikazio-muga 1,5 µg/kg-tan ezartzea.

Zientzia-iritzia: esterigmatozistina elikagai eta pentsuetan