EFSAren Kutsatzaileen Panelak iritzi bat argitaratu du iturriko ura iragazteko erabiltzen diren iragazki-kartutxoen segurtasunari buruz. Iritzi horretan ebaluatu egiten dira ur-iragazki horiek (Europako etxe askotan erabiltzen dira) askatutako amonioarekiko esposizioak gizakien osasunean izan ditzakeen ondorioak.

Amoniakoa konposatu naturala eta nitrogeno-iturri garrantzitsua da ugaztunentzat. Zehazki, aminoazidoak, DNA, RNA eta proteinak sintetizatzeko balio du. Elikagaietan berez agertzen da, eta endogenoki ugaztun-espezie guztien hesteetan sortzen da (pertsona helduengan egunean 3-4 gramo sortzen direla zenbatetsi da). Amoniako gehiegi sortzen denean, gibelaren bidez metabolizatu eta gernuaren bidez kanporatzen da. Alabaina, giltzurrun- edo gibel-gutxiegitasuna, edo urritasun entzimatikoa sor dezaketen nahasketa metaboliko genetikoak dituen pertsonetan amoniako-maila toxikoak ager daitezke.

Ura iragazteko iragazki-kartutxoak ekoiztean amonioa sortzen da, eta amonio hori ura iragaztean askatzen da gero. Ura iragazteko kartutxo batek bere bizitza erabilgarrian askatzen duen batez besteko amonio-kontzentrazioa 0,5 mg/l-tik behera dagoela zenbatetsi da, eta hori da, hain zuzen ere, Europako legeriak ur edangarriko amonioarentzat ezarritako muga. Nolanahi den ere, EFSAren Panelak egindako ebaluazioan, uretan askatutako amonioari dagokionez, 0,5 eta 5 mg/l bitarteko kontzentrazioa erabili da.

Argitaratutako txostenean uretatik etorritako amonioarekiko esposizioa zenbatetsi da, hala helduentzat nola bularreko ume eta haurrentzat. Zehazki, maila hauen artean dago:

  • Helduak: 0,014 – 0,14 mg gorputz-pisuaren kiloko eta eguneko.
  • Bularreko umeak: 0,10 – 1,0 mg gorputz-pisuaren kiloko eta eguneko.
  • Haurrak: 0,054 – 0,54 mg gorputz-pisuaren kiloko eta eguneko.

Aintzat hartuta endogenoki sortzen den amonio-kopurua, eta kopuru hori kartutxo horiekin iragazitako uretatik sortutako esposizioarekin alderatuta, Panelak ondorioztatu du uretako amonioarekiko esposizioa oso gutxi handitzen dela; beraz, ez dakar giza osasunerako arriskurik, ezta, zehazki, herritarren talde minberenen artean ere.

EFSAko iritzia