Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) urteko txostenaren lehen zatia kaleratu du, eta bertan, Europako osasun publikorako garrantzitsuak diren eta transmiti daitezkeen gaixotasun nagusien epidemiologiaren ikuspegi orokorra ematen da.

Argitaratutako txostenak 2012ko egoera epidemiologikoaren berri ematen du, uraren eta elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasun eta zoonosi nagusiei dagokienez.

Lehen txosten horretan, gaixotasun hauen inguruko datuak aurkeztu dituzte: kanpilobakteriosia, listeriosia, salmonellosia, STEC/VTEC, antraxa, botulismoa, bruzelosia, kolera, kriptosporidiosia, shigellosia, ekinokokosia, giardiasia, A hepatitisa, leptospirosia, toxoplasmosia, trikinelosia, tularemia, sukar tifoidea eta paratifoidea, eta yersiniasia.

Hauek dira aipatutako lehen 4 gaixotasunei buruzko datuak:

Kanpilobakteriosia:

  • Beherakoa eragiten duen bakterio ohikoena da.
  • Kanpilobakteriosia-kasuek gora egin zuten 2008tik 2012ra bitarteko bost urteko aldian, baina zertxobait murriztu ziren 2012an.
  • 2012an, kanpilobakteriosiaren jakinarazpen-tasa 68 kasukoa izan zen EBn, 100.000 biztanleko.
  • Giza kanpilobakteriosia ohikoagoa da bost urtetik beherako haurren artean. Adin-talde guztien kasuan, jakinarazpen-tasa handiagoa da gizonentzat, emakumeentzat baino.
  • Kanpilobakteriosiak urtarokotasun erregularra du, eta tasak handiagoak dira ekaina eta abuztua bitartean.
  • Giza infekzioarekin lotutako espezie ohikoenak Campylobacter jejuni, C. coli eta C. lari dira.

Listeriosia:

  • Oraindik ere, listeriosia ez da ohiko gaixotasuna Europan.
  • 2012an, berretsitako kasuen kopuruaren joera egonkorra izan zen EBn.
  • Gaixotasuna etxean transmititzen da batik bat, eta hilgarritasuna handia da.
  • Atzeman da kasuak 65 urtetik gorako gizonen eta emakumeen artean nagusitzen direla.

Salmonellosia:

  • Salmonellosia bigarren infekzio gastrointestinal ohikoena da, eta elikagaiek eragindako agerraldien eragile garrantzitsua EBn.
  • 2012an, berretsitako salmonellosi-kasuen tasa 21,9koa izan zen EBn/EEEn, 100.000 biztanleko.
  • Murriztu izanaren arrazoi nagusia da albaitaritza-kontroleko programak abiarazi direla ustiategietan, batez ere eskortako hegaztien kasuan.
  • Jakinarazitako kasuen tasa handiagoa da haurren kasuan: 98,15 kasu 100.000 biztanleko 2012an, alegia, helduen kasuan baino bost bider handiagoa.
  • 2012an, hauek izan ziren serotipo ohikoenak: S. enteritidis, S. typhimurium, S. monofásica Typhimurium, S. Infantis eta S. Stanley. S. Stanley motak gora egin zuen zenbait herrialdetan gertatutako agerraldien ondorioz, indioilar-haragia dela eta.

STEC/VTEC:

  • Shiga/berozitotoxina (STEC/VTEC) ekoizten duten Escherichia coliagatiko infekzio-kopuruak gora egin zuen EBn 2008-2012 aldian.
  • Berretsitako VTEC/STECen kasuen kopurua 5.748 izan zen, eta jakinarazpen-tasa osoa, aldiz, 1,5 kasukoa izan zen EBko herrialdeetan, 2012an, 100.000 biztanleko.
  • 2012an, berretsitako VTEC/STECen kasuen kopuruak % 66 egin zuen behera Alemanian 2011n gertatutako STEC/VTEC O104:H4ren agerraldiaren ondoren; hala ere, % 36 egin zuten gora 2009ko eta 2010eko kopuruekin alderatuta.
  • Jakinarazpen-tasarik handiena 0-4 urte bitarteko haurrena da: 7,6 kasu 100.000 biztanleko, bi generoen kasuan.
  • Serotalderik ohikoenak O157 eta O26 izan ziren.
  • Berretsitako VTEC/STECen kasuen % 7k (382) sindrome hemolitiko-uremikoa (SHU) garatu zuten.

Informe completo