Elikagaietako prozesu-kutsatzaileen arriskuak – EFSA 2016
EFSAren elikakateko kutsatzaileen CONTAM panelak aztertu du osasun publikoari nolako arriskua eragiten dion elikagaiak prozesatzean sorturiko kutsatzaile kimiko jakin batzuk jateak; zehazki, 3-monocloropropanediol (3-MCPD), 2-monocloropropanediol (2-MCPD) eta gantz-azidoen glizidil ester (GE) kutsatzaileak. Substantzia horiek landare-olioak tenperatura handitan (gutxi gorabehera, 200 ºC-tan) fintzean sortzen dira.
CONTAMek elikagaien 7.175 lagin ikertu zituen, eta GE, 3-MCPD eta 2-MCPD (esterrak barne) gehien palma-olioetan eta palma-gantzetan aurkitu zuen; dena dela, landare-olio eta -zuntz gehienek izan ohi dute mota horretako substantzia ugari.
Zientzia-iritziaren arabera, margarinak eta opilgintzako zein pastelgintzako produktuak izan ziren prozesu-kutsatzaile kimikoak hartzeko iturri nagusia 3 urtetik gorako haurrentzat eta gazteentzat.
Gantz-azidoen glizidil esterren (GE) Arrisku Ebaluazioa
CONTAM panelak, Arrisku Ebaluazioa egiteko, kontuan izan zuen glizidolaren toxikotasuna (GEen jatorriko konposatua da), eta aintzat hartu zuen ingestaren ondoren ester guztiak glizidol bihurtzen direla osorik. Glizidola genotoxikoa eta kantzerigenoa dela frogatzen duen zientzia-ebidentzia dago. Horrenbestez, ez zen ezarri GEetarako maila segururik, baina “esposizio-marjina” bat kalkulatu zen kontsumitzaileentzat: zenbat eta handiagoa izan esposizio-marjina, orduan eta arrisku gutxiago izango dute kontsumitzaileek.
Panelak ondorioztatu zuen GEk arriskua ekar diezaioketela batez besteko esposizioa duten gazteen adin-taldeen osasunari, baita esposizio handia duten adin-talde guztiei ere. Gainera, soilik formula-esnea kontsumitzen duten haurtxoen esposizioa ere kezkabide da, formula horietan landare-olioak baitaude.
Alabaina, azken 5 urteotan (2010-2015) asko murriztu da kontsumitzaileek substantzia horiei dieten esposizioa, fabrikatzaileek euren kabuz harturiko neurriei esker.
MCPDen Arrisku Ebaluazioa
Alde batetik, panelak eguneko ingesta onargarria ezarri du 3-MCPD gantz-azidoen esterrei dagokienez: 0,8 µg/kg g-p/egun. Horretarako, oinarri hartu du substantzia hori animalia-esperimentazioko saiakuntzetako nefrotoxikotasunarekin lotzen duen zientzia-ebidentzia. Bestalde, informazio toxikologikoa mugatuegia da 2-MCPD substantziari maila seguru bat ezartzeko.
Kalkulaturiko esposizioaren ebaluazioan, ikusi da gazteen adin-taldeek (18 urtera arteko nerabeak barne) 3-MCPD substantziari eta haren gantz-azidoen esterrei esposizio handia dietela eta eguneko ingesta onargarria gainditzen dutela. Hori dela eta, substantzia horrek arriskua eragin dezake gazteen osasunean.
Azken urteotan 3-MCPD substantziak eta haren gantz-azidoen esterrek landare-olioetan izan dituzten mailak alderatuta, ez da aldaketa handirik nabaritu.
EFSAren Arrisku Ebaluazioa: landare-olioetako prozesu-kutsatzaileak