EFSAk giza osasunean eragin handiena duten eta elikagaietan egon daitezkeen 10 nitrosaminek (TCNA) dakarten arriskua ebaluatu du.

Ebaluazio hori egiteko, EFSAk 2003tik 2021era bitarteko Europako lau herrialdetako datu analitikoak (2.817 lagin) erabili ditu, baita 1990. eta 2021. urteen arteko Europako (3.976 analisi kliniko) eta Europakoak ez diren (27) ikerketa zientifikoetatik jasotako datuak ere.

Analisi kliniko ugari egon arren, gehienak elikagai-multzo txiki batekoak dira: ‘Edari alkoholdunak’, ‘Kafea, kakaoa, tea eta infusioak’, ‘Arraina, itsaskiak, anfibioak, narrastiak eta ornogabeak’, ‘Haragia eta haragi-produktuak’ eta ‘Ontzeak, saltsak eta ongailuak’.

«Gure ebaluazioak ondorioztatzen du elikagaietan nitrosaminekiko esposizio-mailak osasun-arazo bat dakarrela EBko biztanleriaren adin-talde guztientzat»

Dieter Schrenk doktorea, CONTAM adituen-taldeko presidentea

Presentzia eta esposizioa

Hainbat elikadura-produktutan nitrosaminak detektatu dira, hala nola haragi-produktu onduetan, arrain prozesatuetan, kakaoan, garagardoan eta bestelako edari alkoholdunetan.  Haragia eta haragi-produktuak dira nitrosaminekiko esposizioan laguntzen duen elikagai-talderik garrantzitsuena. Hala ere, prozesatutako barazkietan, zerealetan, esnean eta esnekietan, edo hartzitutako elikagaietan, gatzunetan edo espeziatuetan nitrosaminak ere egon daitezke, kantitate txikiagoan.

Arriskua karakterizatzeko, bi egoera posible planteatu ziren, bata aurrez arrain-haragiaren prozesatu gabeko jaki prestatuen kontsumoa kontuan hartuta, eta beste egoera posible bat, non haragitik eta arrainetik prozesatutako elikagaiak bakarrik hartzen ziren kontuan.

Bi egoera horiek ezartzeko arrazoia da, haragi gordinak (prozesatu gabe eta prestatu gabe) substantzia horien aztarnak izan ditzakeen arren, ikerketa zientifikoek erakusten dutela nitrosaminen presentzia handiagoa dela prestatutako elikagaietan (laberatutakoak, frijituak, parrilan edo mikrouhin labean berotutakoak). Horrek adierazten du prestatzean konposatu-mota horiek sortzen direla.

Nitrosaminak bereizita kontuan hartuta, esposizioan lagundu zuen elikagaien kategoria nagusia ‘Haragia eta haragi-produktuak’ izan zen nitrosamina guztientzat. Edari alkoholdunek (garagardoa eta edari espiritutsuak eta azukrerik gabeko likoreak) ere lagundu zuten NDBA, NDMA eta NMOR nitrosaminen esposizioan nerabeetan, helduetan, adinekoetan eta oso adineko biztanleetan (bi egoeretan).

Arriskuaren ebaluazioa

Genotoxikoak zein kantzerigenoak diren substantzietarako, EFSAren Batzorde Zientifikoak, gutxienez, BMDL10 baino 10.000 aldiz handiagoa den esposizio-marjina (MOE) ezartzen du (gutxieneko konfiantza-muga erreferentziazko dosiarentzat). Horretarako, N-nitrosodietilamina (NDEA) delakoaren BMDL10 erabili da, hau da, eguneko 10 μg/kg gp (potentzial kantzerigeno handiena duen nitrosamina).

Nitrosaminekiko esposizioa eguneko 0 eta 208,9 ng/kg gp artekoa izan zen, adin-taldeen eta egoeren arabera. “Haragia eta haragi-produktuak” dira nitrosamina horiekiko esposizioan laguntzen duten elikagaien kategoria nagusia. Esposizio-marjinak (MOEak) 3.337 eta 48 artekoak izan ziren P95 esposizioan.

CONTAM adituen-taldeak ondorioztatu zuen...

OSO LITEKEENA DELA (% 98-100eko ziurtasuna) P95 esposizioko TCNArekiko esposizio-marjinak (MOEak) 10.000 baino gutxiago izatea adin-talde guztientzat, eta horrek osasun-arazo bat planteatzen du.

ZALANTZAK

Bi zalantza handi identifikatu ziren: ezetsitako datu ugari (left-censored) eta elikagai kategoria garrantzitsuei buruzko daturik eza.

Ebaluazio zehatzagoa egiteko beharrezkoak diren datuen artean, haragi prozesatuak ez diren elikagai prozesatuei buruzkoak daude (hau da, haragi gordina, barazkiak, zerealak, esnea eta esnekiak, hartzitutako elikagaiak, eskabetxeko kontserbak, elikagai espezializatuak, etab.) bai eta hainbat modutan prestatutako produktuei buruzkoak ere, nitratoak eta nitritoak gehituta edo gehitu gabe.

Gainera, ama-esnearen esposizioari buruzko datu gehiago behar dira, bularreko haurren esposizioa ebaluatu ahal izateko.

Zer gertatzen da ondoren?

EFSAren txosten hau Europako Batzordeari jakinaraziko zaio, eta horrek arriskua kudeatzeko zer neurri behar diren eztabaidatuko du agintari nazionalekin.