Elikakatean erabiltzen diren mikroorganismoen genoma osoaren sekuentziazioa analizatzearen abantailak
EFSAk dokumentu bat argitaratu du, eta bertan genoma osoaren sekuentzian (WGS) oinarritutako analisiari buruzko aholkuak ematen ditu, elikakatean nahita gehitutako mikroorganismoen karakterizazioa egiten denerako.
Irismena
Dokumentu horrek aholkuak ematen ditu produktu arautu bat merkaturatzeko baimen-eskaera baten testuinguruan Arriskuen Ebaluazioa egiteko prozesuari eta emaitzei buruz. WGSa erabiltzeko jarraibideak ematen ditu, baita lortu behar diren kalitate-irizpideak eta -atalaseak ezarri ere. Horrez gain, bidali behar diren datu eta informazio garrantzitsuak zehazten ditu.
Arriskuaren ebaluazioa
Mikroorganismoak –izan genetikoki eraldatuak zein ez– elikakatean erabil daitezke, eta elikagaietan erabiltzeko baimentze-prozesu bat igaro behar dute, merkaturatu aurretik. Prozesu horren barruan, beharrezkoa da arrisku-ebaluazio bat egitea, elikakatean erabiliko diren mikroorganismo horien segurtasuna eta eraginkortasuna nolakoa den ikusteko. Arrisku-ebaluazioa egiteko, erabili nahi diren mikroorganismoak karakterizatu egin behar dira.
WGSaren abantailak
WGSaren analisitik eskuratutako datuek informazioa eman dezakete anduien identifikazio taxonomikoari eta izan ditzaketen ezaugarri funtzionalen karakterizazioari buruz (birulentzia-faktoreak, pertsona eta animalientzat garrantzi kliniko handia duten antimikrobianoekiko erresistentzia, metabolito toxikoen ekoizpena, toxigenotasuna eta patogenotasuna, etab.).
Hain zuzen, araututako produktuen arlo batzuetan, WGSan oinarritutako datuak erabiltzea nahitaezko eskakizun gisa ezarri da arrisku-ebaluazioa egiteko.