Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AECOSAN), 882/2004 Araudiak jasotzen duen informazio-gardentasunaren betekizuna betetzeko, argitaratu egin du Elikakatearen Kontrolerako Plan Nazionalaren (PNCOCA) exekuzioaren 2013. urteko emaitzei buruzko txostena. Bada, txostenaren amaieran planaren hurrengo berrikuspenean egin beharreko aldaketen proposamenak jasotzen dira; zehazki, 2015eko urtarrilean egin beharko dira.

Argitaratu berri den txostenak hiru atal ditu:

  • Atal honetan Planaren Alderdi Orokorrak lantzen dira, estatu mailan zein autonomia-erkidego mailan: aplikatu beharreko araudiaren, kontrol ofizialak gauzatzen dituzten egitura organikoen eta koordinazio-organoen aldaketak; kontrol ofizialera bideratzen diren giza baliabideak; kontrolaz arduratzen diren langileek jasotzen duten prestakuntza; lagungarri gisa erabiltzen diren datu-baseak eta informatika-tresnak; eta teknikak egiaztatzeko eta balioztatzeko laborategi ofizialek egiten dituzten aurrerapenak. Azken alderdi horretan zehaztu egiten dira kontrol ofizialak egiten dituzten Elikagaien Segurtasunaren arloko Laborategien Espainiako Sarearen (RELSA) konfigurazioa.
  • Bigarrenik, taulen bidez, eginiko kontrolen balorazioaren ikuspegi orokorra deskribatzen da, baita atzemandako ez betetzeen eta ez betetze horien aurrean hartzen ari diren neurrien ikuspegia ere. Ezinezkoa da kontrol horiek exekuzio- eta betetze-mailaren balorazio bateraturik egitea, anitzak direlako, ezaugarri ezberdinak dituztelako, arrisku-irizpideak eta adierazleak ezberdinak direlako. Txosten horretan, berrikuntza gisa, kontrolen eraginkortasuna bermatzeko egiten den egiaztatze-lana jasotzen duen taula jaso da.
  • Txostenaren azken atalean balorazio bat egiten da agintari eskudunek eginiko Ikuskaritzei buruz. Oro har, kasu gehienetan betetzen dira zikloaren planifikazioak, eta horiek urtez urte egokitzen dira.

Txosten hori Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumena (MAGRAMA) eta Osasuna, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasuna (MSSSI) Ministerioekin bat eginez egin da. Halaber, baliatu egin da kontrolaz arduratzen diren Agintaritza Eskudunek emandako informazioa; zehazki, osasun publikoari, nekazaritzari, abeltzaintzari, arrantzari eta hirugarren herrialdeetako produktuen inportazioen kontrolari buruzkoa. Txostenari erantsi zaizkio Autonomia-Erkidegoek igorritako txostenak.

Txosten osoa