FAOk ebaluazio kualitatibo bat argitaratu du, non gizakiek eta animaliek SARS-CoV-2 birusarekiko izan duten esposizioa aztertzen den. Ebaluazio horrek 2020ko ekainaren 30ean eskuragarri zegoen ebidentzia zientifikoaren berrikuspen xehatua eskaintzen du eta eremu horretako ikerketa-behar nagusiak identifikatzen ditu.

 

Animaliekiko (basatiak, uretakoak, maskotak eta ekoizpenerako abereak) kontaktuaren bidez SARS-CoV-2 birusarekin kontaktuan sartzeko arriskuaren ebaluazio bat eskaintzen du txostenak, baita animalietatik eratorritako produktuak (haragia, organoak, gorputz-jariakinak, iraizpenak eta hilotzak) erabili edo kontsumitzeak dakartzan arriskuena ere. Era berean, SARS-CoV-2 birusaren jatorri zoonotikoari edo animalien eta gizakien arteko kutsatzeari buruz dauden ezagutza-hutsuneak ere identifikatzen ditu.

 

Bukatzeko, hainbat aukera ematen dira birusaren hedapena mugatzeko eta elikadura-sistemak babesteko. Horri dagokionez, biosegurtasun-neurri zorrotzak gordetzea, animalia basatien salerosketako kontrolak eta murriztapenak ezartzea eta merkataritzako zein kontsumitzaileen ohiturak aldatzea gomendatzen da.