Elikagaien bidezko mantenugaien eta kutsatzaileen esposizio konbinatuaren arrisku/onuraren ebaluazioa
EFSAk gai horretako adituekin duela gutxi egindako arrisku/onuraren ebaluazioari buruzko elkarrizketan lortutako ondorioak eta gomendioak argitaratu ditu. Emaitza horiek EFSAren Batzorde Zientifikoaren gida eguneratzeko balioko dute, araudiaren eta elikagaien arriskuen kudeaketaren beharrak betetzeko aholkularitza zientifikoa hobetzeari begira.
Orain arte ia 200 arrisku/onuraren ebaluazio egin dira, batik bat honako hauekin lotuak: arrainaren eta arrantza-produktuen kontsumoa eta dioxinekin, dioxinen antzeko PCBekin, metilmerkurioarekin, sugar atzeratzaile bromatuekin (BFRak) eta substantzia perfluoroalkilatuekin (PFAak) kutsatzeko duten arriskua.
Alorrean egin den aurrerapen nagusietako bat osasunean dituzten ondorioak kuantifikatzeko gaitasuna izan da desgaitasunaren arabera egokitutako bizitzako urteak (DALYak) neurtzearen bidez. Dena den, ziurgabetasunaren eta aldakortasunaren identifikazioa, karakterizazioa eta kuantifikazioa dira oraindik ere erronka nagusiak arrisku/onura-ebaluazioa egitean.
Etorkizunari begira, interesgarritzat jotzen da horrelako arrisku-ebaluazioetan jasangarritasun-parametroak eta parametro ekonomikoak gehitzeko aukera.
Honako hauek dira elkarrizketaren ondorio nagusiak:
- Arazoa modu argian eta interaktiboan planteatzea da garrantzitsuena
- Gaur egungo metodologiek erabilgarriak izaten jarraitzen dute, baina hobetu ahal eta behar dira
- Neurketa-modu komunak definitu behar dira
- Biztanlerian oinarritutako datu bateratu gehiago behar dira
- Datuak sortzeko, trukatzeko eta erabiltzeko lankidetza behar da